Atzo goizean Ziburuko Larzabal kolegiotik etorritako 15 urteko 61 ikasle eta irakasle Usolarrainen izan ziren. San Juan baleontziaren zura nondik sortu zen jakitera etorri ziren. Aurreneko asteetan Sakana eskualdea osatzen duten herrien izenak eta kokapena ikasten aritu ziren. Altsasun azalpenak jasotzen ordu bat eman ondoren Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri-Museoa bisitatu zuten. Baleontziaren lana aurreratuak daudenean Albaolak Pasaian duen Ondartxo ola bisitatuko dute.
Lapurdiko ikastolan San Juan baleontzia ardatz hartuta hainbat gai lantzeko proiektua garatzen ari dira gizarte zientzietan batez ere, esaterako: baso kudeaketa, immigrazioa eta beste. Albaola elkarteko Mikel Leoz Aizpuruk itsasontziak egiteko baso kudeaketa nola egiten zen azaldu zien ikasle gazte lapurtarrei.
Sakanako garapen agente Iker Manterolak jakinarazi digunez, tarteka halako bisitak eginen dira, “baina ez nahieran”. Ikastetxeak bisita aukeraren berri badutela ere azaldu digu Manterolak.
Proiektua
Aurreikuspenak betez gero, udazkenerako prest izanen da Altsasun egin nahi den hariztien interpretazio bidea. Ibilbide motza aurreikusi da: Dantzalekura iritsi aurretik dagoen aldapan, ezkerretako bide batetik abiatuko litzateke, Usolarrainen bukatzeko. Bidean ontzigintzarako basoen kudeaketarako adibideak emanen lirateke zuhaitz jakinen bidez.
Altsasuko ibilbidea, Etxarri Aranatzen eginen den Enneco, haritzaren memoria parkea eta Irañetako angioa, hirurak Nafarroan hariztiak nabarmentzeko proiektu batean sartuko direla jakinarazi digu Manterolak. “Turismoari begirako lanketa izanen da” gaineratu du.