Hainbat gertakari ahanzturaren zuloan galduak ez gelditzeko lanean ari da Altsasu Memoria taldea. Bere egitekoa horrela azaldu dute taldekideek: “Altsasuko historia osatu eta berreraikitzeko asmoz lanean gabiltza. Historia ofizialaren bazterrean, ezpondetan zokoratuak izan diren protagonista eta gertakariei bide eta leku egiteko”. Zuzeneko edo zeharkako errepresioak ezkutuan utzi dituen errealitateak bilatu eta azalarazteko zeregina jarri dio bere buruari Altsasu Memoriak.
Pixkanaka jasotzen joan direna aurkeztuko dute gaur jendaurrean Iortia kultur gunean, Altsasu Memoriaren helburuetako bat baita “gure historia guztiekin partekatzea”. Taldeak gaur Altsasuko historiaren aurreneko atala aurkeztuko du. Herriaren lehen aipamena egiten duen agiritik 1.950 urtera arteko tartea hartzen du lehen atalak. “Ezinezkoa zaigunez jasotako guztia xehetasunez azaltzea, ibilbide horren mugarri nagusien aipamena eginen dugu, azalpen zehatzagoak aurreragoko argitalpenetan jasoko dugu”, argitu dute taldetik.
Lehen atalaz
Altsasuko historian barnako ibilbide horretan aparteko aipamena izanen dute Gaztelak 1200. urtean Nafarroako erresumari kendutako lurraldeak eta herria erreinuen arteko muga bihurtu zela. Gaztelak Nafarroa 1512an konkistatu izana ere aipatuko dira. Baita karlistadak eta 1936ko gerra zibila. Altsasu Memoriatik azaldu dutenez, “gertakari ilunek utzitako zaurien oinazeak, zauri isilduak, askok bere bakardadean sufrituak… Gure ekarpena egiari zor eta herri aitortza behar duten mikrohistoriak azalaraztea da, herriko historia iruteko”. Taldekideen iritziz memoria kolektiboari eusten diotenak egia eta ezagutza dira. Horregatik, oinarri horiek “berreskuratu, azaleratu, garbitu eta ikusgai jarriko” ditu.
Elkarlanerako deia
Herriaren memoria osatzeko langintzan altsasuarren laguntza estimatuko luketela jakinarazi dute taldekideek. Haien iritziz, “etxeetan, bazkalondoetan, lagunartean kontatzen diren pasarteak, gure herrian benetan gertatutakoaren kontakizun zehatz eta gertukoa” osatzeko baliagarriak dira. Historiaren pasarte horiek bizi izan dituztenei ahotsa, izena eta izana emateko lanera batzeko gonbitea luzatu du Altsasu Memoriak, “denen artean gure iragana, oraina eta etorkizunaren zutarriak”.
Gaurko aurkezpenean
Argazkiak eta bideoak proiektatuko dira; Bide Ertzean taldea ariko da; antzerkia izanen da, baita elkarrizketak ere. Sarrerak agortu dira.
Altsasu Memoriako kideak
Iosu Imaz, Ainhoa Corcuera, Mikel Claver, Oihane Zelaia, Aser Imaz, Jokin Unamuno eta Iker Agirre.