Larrezabal gaztarendako aitortza berria

Guaixe 2014ko apirilaren 1a

Pasa den urtean estatuan egindako gazta ekologiko onena Patxi Amillano Garasa altsasuarraren Larrezabal-Eco izan zen. Hala erabaki zuen abenduan Nekazaritza Ministerioak, bi urtetik behin antolatzen duen Espainiako Gaztarik Onenak sariketan. Abenduan jakinarazi zuten saria atzo jaso zuen Amillanok Bartzelonan, Alimentaria azokan.

Sariaren berri izan zuenean, Idiazabal Jatorri Izendapeneko buru Jose Mari Ustarrozek bere garrantzia nabarmendu zuen: “epaimahaia erkidego guztietako adituek osatzen dute. Idiazabal gaztaren zaporea ezaguna denez, sari hau aurkako zelaian irabaztea bezala da”. Maila bakoitzean sari bakar bat ematen dela ere nabarmendu, “irabazlea txapelduna da”.

Altsasuarrak pasa den urtean Birminghamgo World Cheese Awards txapelketan urrezko domina lortu zuen babestutako jatorri izendapena mailan ere. Bestalde, Amillano 2003tik Idiazabal Jatorri Izendapeneko kontseilu arautzaileko kide da.