“Rokeroak gara eta azalerako argazki egokiena hori iruditzen zitzaigun, gitarra bat eta hura jotzen duen eskua”. Alonsok (bateria) esandakoaren arabera, Los del Rayokoek diskoaren azaletik garbi utzi nahi izan dute haiena roka dela. Taldeari izena eman zion Pablo el Rayori eskaini diote diskoa, baita kantetako bat, Maldita soledad.
Gggrrroocanrrolll en dosis txikitas izenburua du diskoak. Dozena erdi kantu bildu dituzte. Lan berrian bi keinu egin dizkiote duela 25 urte atera zuten lehen maketari. Izenburuaren lehen zatia da bata: “Musika kañeroa da egiten dakiguna. Taldea denaren esentzia mantendu nahi genuen,” esan digu Leok (gitarra). Beste keinua diskoa zabaltzen duen El rey de la autopista kantua da: “aurreko bi diskoetan sartu ez zen kantua da. Egiten dugunarekin lotura duelako”.
Taldea egituratuz
Bi urte eta erdi pasa dira entseatzera erabaki zutela. Handik emanaldi batzuk sortu ziren eta haietan hainbat kantarik parte hartu zuten. Aurrera egitea erabaki zuten eta Juankar kantari hartzea erabaki zuten, “orain izan nahi dugunaren gertuen dagoelako”. Peio gitarra jolea ere sartu da. Diskoko koroak kantatu zituen. Zuzenekotan koroak eta gitarra jotzea proposatu zioten. Hala, Los del Rayo taldea laukote izatetik boskote izatera pasa da: “pena lehenago ez sartzea”.
Entsegu batzuen ondoren taldekideek Leori zerbait berria egitea proposatu zioten, “bera baita gehienetan konposatzen duena. Hasieran iheskor aritu zen. Konbentzitu genuen eta ekin zion. Sei grabatu ditugu baina beste horren beste edo gehiago ditugu grabatzeko” esan digu Alonsok. Leok argitu duenez, bera ideiarekin doa lokalera eta han osatzen dute. Josek (baxua) atzetik: “sortzea ez zaigu asko kostatzen. Nik badakit Alonsok nola jotzen duen bateria. Nik berehala segitzen diot eta Leok duen ideiarekin lotzen dugu. Erraz sortzen dugu”. Alonsoren iritziz taldearen muina gitarreoa da, “berezia”. Urteetako adiskidetasunak ere sorkuntzan laguntzen duela nabarmendu dute.
Diskoa zabaldu eta ixten duten kantuen letrak Patxik (kantari ohia) idatzitakoak dira. Gainontzekoak Leorenak dira: “niri asko kostatzen zait, baina beste hauek alfer batzuk dira”. Maite kontu asko ageri dira kantuetan, baina bestelako gaiak tratatzeko beharra sentitzen dute, baina zaila egiten zaie sorkuntza, panfletotan erori gabe.
Audioa, argazkia eta bideoa
Altsasuko Estudios Del Reinon grabatu zuten diskoa, ilbeltzean, Ricardo Aretarekin. Nahasketak, berriz, Alberto Porresen Iruñeko Estudios K-n egin dute. Kolaboratzaileen artean El Drogas (ahotsa), Ritxi (pandereta) eta Sebas eta Cata (gitarrak) daude.
Txefo Mendezek egin zuen taldearen aurreneko diskoko azala. Orain azala eta liburuxka diseinatu ditu. Horretaz aparte, argazki erakusketa ere egin du. Gaur egun Aguraingo Herriko tabernan ikusgai dago eta aurki Errotxapeako Zokoa tabernara pasako da.
Asteartean hasi ziren Noches de bares kantaren bideokliparen grabazioarekin. Ikus-entzunezkoak ikasten ari diren batzuekin ari dira, haien artean Oier Albiztur altsasuarra dago. Aguraingo kontzertuan bideorako irudiak hartuko dituzte. Bideo klipaz aparte Los del Rayori buruzko dokumentala egiteko asmoa dute, taldearen historia jasoz.
Eskuratzeko
Diskoaren 500 ale atera dituzte. Altsasuko Lurrazpi, Gernika eta Akelarre tabernetan dago salgai diskoa. Gor diskoetxeak banatuko du diskoak. Facebook bidez ere haiekin harremanetan jartzeko aukera dago. Edo zuzenekoetan. Apirilaren 12an Aguraingo herriko tabernan ariko dira eta 26an Errotxapeako Zokoa tabernan. Eta beste data batzuk ixteko dituzte, tartean Altsasuko bat.
Diskografia
Gggrrroocanrrolll (Autoekoizpena, 1989)
Por la cara (Oihuka, 1989)
Miedo al miedo (Gor, 1991)
Gggrrroocanrrolll en dosis chikitas (autoekoizpena, 2014)