Historia, memoriaren lerro jarraitua

Guaixe 2014ko api. 3a, 19:35

Altsasu Memoriak herriaren historiaren bilketa lanaren aurreneko atala aurkeztu zuen.

Iortia kultur guneko areto nagusirako gonbidapen guztiak aspaldi agortuak zeudela, ikus-entzunezko emanaldi batekin, ostiralean aurkeztu zuen Altsasu Memoriak herriko lehen aipamenetik 1950era arteko bilketa lana. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Altsasuko historia osatu eta berreraikitzeko asmoz lanean gabiltza. Historia ofizialaren bazterrean, ezpondetan zokoratuak izan diren protagonista eta gertakariei bide eta leku egiteko”.

Zazpikote batek osatzen du Altsasu Memoria. Haietako bat da Josu Imaz eta ostiralean jendeak izan zuen erantzunarekin pozik zeudela adierazi zigun. Urte beteko jardunaren emaitza da ostiralean taldeak aurkeztu zuena. Imazek argitu zigunez, taldekideek landu zituzten gaiak, baina historiako aldi jakinak lantzeko kolaboratzaileak ere izan dituzte. Datu bilketan sorpresa asko izan dituztela esan digu Imazek. Nazien Mauthausen kontzentrazio eremuan hildako altsasuar baten senideak Kataluniatik etorri ziren ostiralean Altsasura.

Lehen zatia izan zen aurkeztutakoa. Jasotako dokumentuak sailkatu eta argitaratzeko zein itxura eman aztertzen ari dira orain Altsasu Memoria taldekoak. Ostiralean jasotako guztia ezin izan zuten eman. Baina hainbat material erakutsi zituzten, tartean Eguzkiza, Fernando Urkijo eta Nati Goikoetxeari egindako elkarrizketak. Lan horrekin segitzen duten bitartean 1950etik gaur egunera bitarteko bilketa lana ere egiten hasi dira Altsasu Memoria taldekoak.