Denok irabazi dugu

Guaixe 2014ko api. 4a, 09:15

Emakumeek Santa Ageda ospakizunetako parte hartzeari buruzko liburua eta DVDa aurkeztuko dute gaur, 19:00etan, Iortian kultur gunean.

Gonbidatu izatetik protagonista izatera. Neska-kintoak Santa Ageda festetan. Izenburu hori du gaur aurkeztuko den liburuak eta DVDak. Altsasuko Feministak (AF) eta Bilgune Feminista (BF) taldeek ekoitzi dute lana eta neguko ospakizun horretan emakumezkoen parte hartzearen bilakaera azaltzen du, protagonisten ahotsetik. “Jendeak jakiteko emakumezkoek festan espazioa lortzea zenbat kosta izan den. Jendeak pentsatzen baitu betidanik izan dela gaur egun den moduan”, azaldu digute AFko Gurutze Arregik eta Joakina Zubiriak.

Pasa den urtean, estreinakoz Altsasuko kinta osatzen zuten neska-mutilek Santa Ageda ospakizuneko egiteko guztiak elkarrekin egin zituzten: dirua eskatu, opilen banaketa, bazkari-afariak, dantza… dena. Hori ikustean bururatu zitzaien AF eta BF taldeetako kideei emakumeen parte hartzearen garapenaren bilketa lana egitea, “lekukotza uzteko”.

Kafeak
Festan emakumezkoek espazioa irabazteko emandako pausuak kontatzearekin batera, argitalpenetan emakumezko gonbidatuek kafeetara joaterakoan jasotzen zuten tratua ere jasotzen da (bazkaldu ondoren harro zeuden mutilek denetarik botatzen zieten). “Lehenengo kafe haren harreragatik emakumezko askok ez dute Santa Ageda ospatzen” azaldu digute AFkoek.

Garaian garaiko jendartearen isla izan da emakumezkoek unean-unean jaso duten erantzuna. Urtetan ibili dira AFkoak urteko kintoekin, udal eta bestelako eragileekin hizketan emakumeek festan parte hartzeko eskaera egiten. Urtetik urtera emakumezkoek urratsak eman dituzte festan dagokien protagonismoa eskuratzeko. “Jarrera aldaketarekin denok irabazi dugu” esan digute AFko kideek.


Kronologia laburra
1962 Mutilek estreinakoz neskak kafe batera gonbidatu zituzten.
1963 Neskak txistulariekin hitz egin eta mutilekin batera kalejiran ibili ziren, ez
tirabirarik gabe.
1985 Neskek mutikoekin batera parte hartzea adostu zuten, baina ezezkoa jaso zuten. 17
neskek ez zuten Santa Agedarik ospatu.
1990 Santa Agedari buruzko jardunaldiak, Altsasuko Feministak antolatuta.
2000 Aurreneko erregina aukeratu zuten.
2001 Erregina eta erregina-ordea aukeratu zituzten estreinakoz.
2005 Bi neskek zortzikoa dantzatu zuten.
2008 Lau neska ez beste guztiak dantzatu zuten zortzikoa.
2013 Neska-mutilek dena elkarrekin ospatu zuten.


Salgai
Liburu eta DVDa elkarrekin salduko dira, 8 eurotan. 200 aleko tirada egin dute eta herriko dendetan egonen da eskuragarri.