Giza harremanen barnako bidaia

Guaixe 2014ko apirilaren 4a

Bihar, 19:30ean eta 22:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Altsasuko antzerki tailerrak sortu duen Altos vuelos antzezlana mustuko du bihar. Birjuñe Albiraren zuzendaritzapean 11 aktore ariko dira. Bidaia agentzia batek Erroma eta Veneciarako bidaia antolatu du eta hartan izena eman duten guztiak emakumeak dira. Denak ere oso ezberdinak dira eta bidaiarako arrazoi baten jabe da bakoitza. Giza harremanen mosaiko bat. Antzerki bidaian izaera ezberdinak, gorabehera pertsonalak, amodio galduak eta beste agertuko dira. Eta horretarako bidea izanen da barrea, irria edota malkoak.

Lastailarekin batera hasi ziren antzerki tailerrean, asteartero, 20:00etatik 22:00etara. Hainbeste aktorerendako idatzitako antzezlan koralak opatzea zaila denez eta tailerraren helburua antzerki teknikak ikastea denez, aktore bakoitzak bere pertsonaia eta haren mundua sortu, landu eta sakontzen du. Abiapuntua aurreko ikasturte akaberan sortutako ideia bat izan da. Nork bere unibertsoa ondu ondoren, Albirak guztiak batu eta paperera eraman zituen. Horrela sortu zen Altos vuelos antzezlana.

Eszenatokian espazioak argi jokoekin sortuko dituzte. Hala ere, bi altzariren laguntza ere izanen dute espazio jakin batzuk sortzeko. Biharko guztia prest izateko aste honetan antzezleek gogoz lan egin dute. Normalean apirilaren akaberarako mustutzen zuten obra, baina Aste Santuagatik aurreratu behar izan dute, funtzioa hasteko guztia prest dago.  

Aktorerak
Delia (Olivi Galpasoro). Bidaia honetako gidaria.
Alvaro (Iñaki Lopez). Mutil koldarra.
Josefa (Marisol Lizarraga). Ziurtasun gabeko emakumea.
Carmen (Amelia Lapuente). Emakume zorrotza.
Isabella Rosellini (Juli Alvaro). Edertasunaren isla.
Susana (Nahikari Gonzalez). Haserre bizi den emakumea.
Monica (Klaudia Caballero). Bidaiaren beste gidaria.
Raimunda (Patru Aracama). Teknologiaz betetako munduan bizi dena.
Dorleta (Erkuden Palacios). Txakurrak asko maite dituen neska.
Lola (Elena Aldasoro). Amona modernoa.
Cayetana (Natalia Martin). Biloba geldiezina.