Altsasuko Mendigoizaleak klubak antolatuta, VII. Hiru Mendizerrak mendi ibilbidea osatu zuten larunbatean mendizaleek. Ibilbide luzeko ibilaldia ez lehiakorra da hau, Nafarroako eta Euskal Herriko mendi ibilbide luzeen zirkuituetan sartua dagoena.
Izena eman zuten 600 partehartzaileak eta izena gabe aritu zirenak, estimazioen arabera 700 baino gehiago, Altsasuko Gure Etxeatik goizeko 7:00tan atera ziren, Urbasa, Altzania eta Aralar mendizerren barna ibiltzeko asmoz. Bi ibilbide egiteko aukera zegoen: ibilbide handia, 48 kilometrokoa eta 2.725 metrotako desnibelekoa, eta ibilbide txikia, 26 kilometrokoa eta 1.200 metrotako desnibelekoa. Parte hartzaile gehienek, 501ek, ibilaldi luzea egin zuten.
Mendizaleek Urdinerako bidea hartu zuten. Urdiaindik Portuazpitik Urbasa-Andiara igo eta Bargagainera eta Gainsolera heldu ziren. Hortik Ziordira jaitsi ziren. Han hamaiketakoa egin zuten. Ziordian ibilbide motza eta luzea banatzen ziren, hortaz, motza aukeratu zutenek, 99 mendizalek, partzelarietatik barna Altsasura iritsi ziren. Aldiz, ibilaldi luzea egin zutenek Kipular igo zuten ondoren Orbeko antzinako harrobitik jaisteko. Sorozarreta jaitsi ondoren Balankaleku eta Itxusburu igo behar izan zuten. Handik Sarabetik, San Pedrotik eta Basoitxitik igaro ondoren Altsasuko Gure Etxeara heldu ziren.
Parte hartze handia
Eguraldi ona egingo zuela ikusita mendizale askok azken unean eman zuten izena, 225ek antolakuntzatik esan zutenaren arabera. Guztira 600 mendizalek eman zuten izena, dena dela, izan ziren modu librean ibilaldia egitera animatu zirenak ere. “Ezin daiteke esan, zehazki, zenbatek eman duten izena. Gaur goizean jende asko etorri da izena ematera eta horrek gainditu gaitu. 750 pertsonendako hornidura genuen eta edari batzuk bukatu egin dira” zioten antolakuntzatik. Lehenengo parte hartzaileak eguerdian iritsi ziren Gure Etxeara eta, azkenak, arratsaldeko seiak aldera.
Ibilbide osoan zehar bost kontrol gune eta jaki eta edari hornidura gune izan ziren. Antolakuntzan 70 bat pertsona izan ziren eta ibilbidea zehar DYA egon zen. Ez zen aparteko arazorik gertatu.