Daniel Doñaren dantza konpainiaren A pie ikuskizunera joaten direnek dantza espainiarrarekin, flamenko berritzailearen eta dantza garaikidearen arteko nahasketarekin gozatzeko aukera izanen dute. Doñak berak adierazi duenez, bere bizitzak, garapenak, baita sorkuntzak ere, mantso egiten dute aurrera, oinez, A pie. Eta bihar Altsasun ikusiko den dantza saioa horrela sortu zela esan du.
Granadako dantzariak eta koreografoak dantzaz aparte, musika, argiztapen eta jantzien hizkuntza artistikoaren esentzia landu nahi izan du. Kontzeptuen zainetara jo nahi izan du, pixkanaka aberastuz gaur egungo ikuspegira ekarri arte. Horretarako bere ezagutza eta hizkuntza artistikoa gainbegiratu eta aztertu ditu. Denbora aldaketa denez, bere koreografia hizkuntza errepasatuz lortu du aldaketa. Hala, flamenkoari aire garaikidea eman dio, publiko mota guztiei hurbildu asmoz.
Hiru bloke
Doñak aurkeztuko duen emanaldiak hiru zati ditu. Aurrenekoan estetika garaikideagoa du eta biolontxeloaren bidez dantza eta musikaren arteko lotura egiten saiatzen da. Enrique Morentek kantatutako tonák eta erromantzeak ditu. Segituan, dantza espainiarraren txanda etorriko da, tango eta malagueña koreografiei bide emanen diena. Azken zatian, dantza “tradizionalagoa” izanen da, “aurreko guztiaren jatorria baita”.
Fitxa
Zuzendaritza, koreografia eta dantza: Daniel Doña
Gonbidatutako artistak: Cristian Martín (dantza)
Jose Luis López (txeloa)