Hegan-volar: 0-8.000

Guaixe 2014ko apirilaren 11

Jose Ramon Agirre “Marron” mendizalearen parapente esperientziez gozatzeko aukera Altsasuko Iortian, bihar, 19:00etan

Aski ezaguna da Jose Ramon Agirre “Marron” Ataungo mendizale beteranoa. Egun Lizarrustiko aterpea kudeatzen du, baina mendizalea, mendi argazkilaria, parapentelaria eta hamaika espedizioetan ibilitakoa da. Al filo de lo imposible saioko espedizioetan parte hartu izan du. Aipatzekoa da, adibidez, Broad Peak (8.047m) mendian gora egin ondoren, 7.200 metroko garaieratik parapentez jauzi egin zuenekoa. Ordu erdiz ibili zen hegan zortzi milako mendien artean eta irudi ikusgarriak hartu zituen.

Hain zuzen ere, mendia eta parapentea batzen dituen proiekzioa ekarriko du Marronek bihar, larunbatean, 19:00etan, Altsasuko Iortia Kultur Gunera, Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatuta. Hegan-Volar: 0-8.000 du izena ataundarrak eskainiko duen proiekzioak. Parapentetik bertatik hartutako irudi ikusgarriez gozatzeko aukera izango da: Euskal Herriko mendietatik hasi, Pirinioetako, Hego Amerikako eta Himalayako paisai ikusgarrietara. Ez galtzeko moduko ikuskizuna.