Pasa den udaberritik zuzendaritza eta langileak dira Sunsundeguiko jabeak. Akordioarekin batera 18 aurre-jubilazio edo borondatezko uzteak eta 37 kaleratzeak izan ziren. Bai ELAk bai LABek diskriminazio sindikala ikusi zuten kaleratze haietan eta epaitegira jo zuten. LABeko lau afiliaturen eta ELAko lauren kasuak daude auzi-bidean. “Beste batzuk lana opatu dute eta ez dute bide hori segitu nahi izan” esan digu Gorka Viergek, Sakanako ELAko arduradunak.
Viergek Sunsundeguiko zuzendaritzari hiru gauza eskatu dizkio: salaketa jarri duten langileekin negozia dezala, ez dezala dirua epaiketetan gastatu eta kaleratu zituen langileak berriro hartzeko. “Kaleratze subjektiboak izan ziren. Prestatutako jendea da, polibalentea. Haiek kaleratu eta 9 egunera UGTren gertuko jendea kontratatzen hasi ziren” azaldu du ELAko kideak. Viergek salatu du epaiketetan UGTk enpresaren alde testifikatu duela. ELAko delegatuek ostiralean kontzentrazioa egin zuten Sunsundeguiko kaleratuak berriro hartuak izan daitezen eskatzeko.
LABek “eskandaulutzat” jo zituen pasa den urteko kaleratzeak. Orduan esan zuenez, “UGTk lantegian afiliatu gehien izanda ere kaleratutakoen %90ek ez du harekin zerikusirik”. Gaizka Uharte LABeko Sakanako buruak gogoratu du haiek enpresako sindikatu txikiena izanda kaleratuen %50 LABeko afiliatuak zirela. Kaleratzekoak irizpide objektiborik ez zela izan nabarmendu du Uhartek. Kaleratzeen baliogabetzea eskatzeko eta diskriminazio sindikala salatzeko enpresa salatu zuten. LABeko buruak gogoratu du eurek ez zutela akordioa sinatu eta 2012an urte baterako kaleratuak izan zirenak 2013an berriro kaleratu zituztela. Epaiketen inguruan Uhartek azaldu digu epaileak proba bat zuzentzeko eskatu ziela eta horretan ari direla, epaiketek aurrera segitzeko.
Bestalde, UGTtik ukatu egin dute enpresako kontratu berrietan fabore traturik izan denik eta ukatu egin du soilik UGT gertuko pertsonak kontratatzen ari direnik. Kaleratuen artean ere UGTkoak ere izan zirela adierazi dute sindikatutik.