Venancio Amillano hilaren 10ean zabaldu zuen bere erakusketa Iruñeko Gotorlekuko labean. Oroitzapenen indarrari buruz eta ustez ahulak izanagatik duten iraupenaren inguruan hausnarketa egiten du altsasuarrak Oroimena izenburuko erakusketan. Pertsonendako egunerokotasunean ezinbestekoak diren objektuak egurrean eta harrian irudikatu ditu Amillanok. Oihalari erreparatu dio batez ere. Hala, jantziak egurrez edo harriz egin ditu, ehunen biguntasuna eta erabili dituen materialen arteko kontrastea erakutsiz. Altsasuarrak dozena erdi pieza jarri ditu Iruñean ikusgai, instalazio moduan.
Amillano 14 urterekin hasi zen zura lantzen, zurgindegi batean lanean hasi zenean. Bere kezkek tailerretik aparte bestelako lanak egitera eraman zuten berehala. 22 urterekin hasi zen harria lantzen eta ordutik material batekin eta bestearekin aritzen da. Bietako teknika ontzen joan da eta hainbat adierazpide artistikotatik edan du bere ibilbidean.
Artisau azoka eta erakusketetan parte hartu izan du. Eta bere langintza ere erakusten du. Amillanoren lana batez ere artisautzan zentratu bada ere, badira urte batzuk eredu hain tradizionalak ez diren beste batzuekin esperimentatzen hasi zela. Hortik sortu zitzaion egunerokoan erabiltzen dugun arroparekin elementu artistikoak sortzea.
Ordutegia
Asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:30era. Larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Igande eta jai egunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.