Altsasuko Osasun, Ongizate eta Elkartasun Batzordeak Marta Vera osasun kontseilariari jakinarazi dio hark sustatutako osasun erreformarekin ez daudela ados. Bilduk, Geroa Baik, PSNk, Aralarrek eta IUk adostu zuten erantzuna batzordean.
Haren buru Unai Hualdek jakinarazi digunez hiru arrazoirengatik errefusatu dute osasun arloko erreforma. Alde batetik, landa eremuko herritarren beharrak jasotzen ez dituelako. Altsasuko Udalaren iritziz gobernuak ez du bete pasa den urteko otsailaren 13an Parlamentuak emandako agindua. Haren arabera, osasun beharren ebaluazioa egin behar zuen profesional, toki entitate eta osasun arloarekin zerikusia zutenen parte hartzearekin. Hain zuzen gabezia hori ikusi dio udalak Osasun Departamentuak prestatutako agiriari: ez da Altsasuko profesionalekin kontsultatu, ezta udalarekin berarekin ere.
Vera kontseilariaren taldeak prestatu duen agiriarekin ez dator bat Altsasuko Udala, “aitzakia gisa erabiltzen baita osasun-arreta jarraitu eta larrialdikoaren erreforma bat planteatzeko, 2008ko martxoaren 13ko ebazpenaren berrikuspena da”. Garai hartan osasun administrazioak eta sindikatuek landa eskualdeetako osasun arreta jarraitu eta larrialdikoaren inguruko baldintzak adostu zituzten. Altsasuko Udalak kontseilariari leporatu dio orain gehiengo sindikalaren babesik gabe berrikuspena egin nahi duela.