Ikasgelan ingurumenarekin konpromisoa hartuta

Guaixe 2014ko api. 17a, 13:00

Sagrado Corazon ikastetxeko DBHko 30 ikasle eskola-Confint prozesuan parte hartzen ari dira. Nazioarteko gazteen konferentzia da Confinta eta planeta zaintzea du helburu. Munduko hainbat herrialdetan garatzen ari den egitasmo horren bidez eskola mailako ingurumen arloko konpromisoak hartzen dituzte ikasleek eta, aldi berean, Bartzelonan izanen den estatuko Confint batzarrerako ordezkariak aukeratzen dira. 2015eko udaberrian Bruselan eginen da Europako bigarren Confint topaketa.

Altsasuko ikastetxean martxoaren 21ean lau ardura bere egin eta sei ekintza aurrera eramatea adostu zuten. Hondakinen gaikako bilketaren berri emanen dute eta haren kontrola eginen dute. Baliabideen erabilera eraginkor eta arduratsuaren inguruan sentsibilizazioa eta informazioa zabalduko dute. Negutegi gasen isurketa murrizteko bizikletaren erabilera sustatu eta ibilgailu kutsakorren erabilera ekidingo dute. Aldi berean, bizikletekin argindarra sortuko dute eta, azkenik, nekazari jasangarria sustatzera animatu dira ikasleak. Horiek aurrera eramateko makina bat ekintza eginen dituzte. Azkenik, eskualdeko Confintera joateko aukeratu zituzten ordezkariak Imanol Lobo, Maialen Aramendia, Xabier Ruiz de Arbulo eta Jesus Palop izan ziren.