Errepublikako emakume irakasleen lana ezagutzeko aukera

Guaixe 2014ko apirilaren 28a

Gaur, 18:30ean, Las Maestras de la República dokumentala ikusteko aukera izanen da Iortia kultur gunean, doan

Espainian II. Errepublika indarrean egon zen bitartean hezkuntzak izan zuen garrantziaren berri ematen duen dokumentala da gaur pantailaratuko dena. Garai haietan kulturaren eta irakaskuntzaren bidez gizarte hobeago bat sortzeko errepublikako emakumezko irakasleek jokatutako papera nabarmentzen du filmak. Baita estatu kolpearen eta ondoko gerraren ondoren jasan behar izan zutena ere.

Aurten Goya saria eskuratu duen dokumentala UGTren Irakaskuntza Federazioaren ekimenez egin zen. Eta berau izan da gaurko emanaldiaren antolatzailea. Dokumentalaren ondoren izanen den solasaldian Reyes Berruezo Albenizek parte hartuko du. Psikologian lizentziatua eta Hezkuntza Zientzietan doktorea, Política Educativa en Navarra 1931-1939 liburuaren egilea da eta Errepublika garaian Nafarroan izandako emakume irakasleen inguruan ikertu du.