Pintura txuria aseguru-etxe bati

Guaixe 2014ko apirilaren 29a

Gaur goizean Mutuavenir aseguru-etxearen kristaldegi guztia pintura txuriz zikinduta agertu da. Harriduraz hartu du erasoa bulegoa kudeatzen duen Susana Mateok. Azaldu digunez marka horren kontzesioa da berak Altsasun kudeatzen duena. “Kartelak dioen moduan aseguruak eta zerbitzuak kudeatzen ditut, ez besterik”. Bere bulegotik enpresa txiki eta ertain, ibilgailu, denda, etxebizitza, bizi aseguruak edo bestelakoak asegratzea edo kudeatzea nahi dutenak pasatzen direla jakinarazi digu. Mutuavenir taldearen egitekoa hori dela ere argitu du.

Mateoren ustea da Mutuavenir izenak sortutako nahasmenak ekarri duela pinturaz bulego sarrera zikintzea. “Aseguru-etxe bat gara, ez mutua bat. Gurea aseguruak eta zerbitzuak dira, ez lan-osasuna, izenak norbaiti besterik iradoki badiezaioke”. Mutuekin lotura hori aipatu du Mateok Espainiako Gobernuak Mutuen Legea aldatzekotan delako eta horren aurka hainbat iritzi zabaldu direlako azken aldian, “eta bakarren batek hau mutua bat dela pentsatu du”.