Pilotu sakandarrak lanera

Guaixe 2014ko apirilaren 30a

Sakana Motorsporteko 3 talde lehiatu ziren Andosillako Lur gaineko II. Rallysprintean

Igandean Andosillako lur gaineko II. Rallysprinta jokatu zen, Nafarroako Rally Txapelketarako eta I. Lurgaineko RACVN Koparako puntuagarria. Sakana Motorsport klubeko hiru taldek hartu zuten parte: Oier Larrañaga eta Arkaitz Irigoien bakaikoarrak (Citroen AX), Aitor Fernandez-Iker Azkargorta (Olazti-Iturmendi) eta Iban Lopez de Goikoetxea-Lander Mella (Olazti-Mungia). Azken bi talde hauek I. Lurgaineko RACVN Kopan lehiatuko direnez, Ford Focus 1.6 autoak erabili zituzten, aipatu txapelketarako auto berbera erabiliko baitute gidariek.

Andosillakoa eremu oso azkarra zen, gorabeherez eta arrasantez betetakoa. Proba Jorge Gutierrezek eta David Fernandezek irabazi zuten (Lancer Evo IX, 55:58.100). Oier Larrañagak pilotu moduan debutatu zuen, orain arte asfaltoko rallyetan kopilotu moduan ibili baita. Bakaikoarrek lan txukuna egitea eta euren lur gaineko lehen rallya 21. postuan bukatzea lortu zuten (28:03.300). Proba honen barruan RACVN Kopan lehiatzen ari diren bi taldeei dagokionez, aipatu behar da lasterketa baino lehen autoekin oso kilometro gutxi egiteko aukera izan zutela, eta hori asko nabaritu zutela. Hala ere, lan polita egin zuten. Aitor Fernandezek eta Iker Azkargortak lur gaineko bere lehen kilometroak proban bertan egin zituzten eta nahiz eta lehen eremuan susto pare bat izan, proba ona egin zuten eta Kopako azken sailkapenean 3.ak izan ziren (26:55.300).

Iban Lopez de Goikoetxea eta Lander Mella interfonorik gabe atera ziren lehen eremuan eta elkar ulertzeko eskuekin egin behar izan zituzten keinuak. Horrek kaltea sortu ziren. Kopako azken sailkapenean 4.ak izan ziren (27:11.900).
Bestalde, aipatzekoa da Javier Goikoetxea olaztiarrak Egoitz Mujika urretxuarrarendako kopilotu lanak egin zituen. RACVN kopako 2. postua lortu zuten (26:54.900). Kopan lehenak Ribera Racingeko Kortazar eta Burgos izan ziren (26:25.800).

www.fotomotor.es
Probako sailkapena eta beste kontsultatzeko.