Une gozoak bizi ditu Naiara Diez saskibaloi jokalari altsasuarrak. Izan ere, bere taldea, Gernika Kesb, Emakumezkoen Ligako bigarren mailatik lehen mailara igo da. Orain taldea bulegoz bulego ate joka ibili beharko da, hurrengo denboraldian emakumezkoen saskibaloiko maila gorenean aritu ahal izateko finantzazio bila. Badirudi gauzak ongi doazela, baina dena itxita egon arte itxaron beharko da.
Naiara Diez (1987-01-29, 1,78m) jokalari altsasuarra Gernikako pilareetako bat izan da. Gernikan aritu baino lehen, altsasuarra 7 denboralditan aritu zen Emakumezkoen Ligako lehen mailan, azkeneko lau denboralditan UNB Obenasarekin. Baina krisiaren eraginez Nafarroako taldea desagertu eta gero, 2013-2014 denboraldirako Emakumezkoen Ligako 2. mailako Gernika taldean aurkitu zuen tokia altsasuarrak.
Taldeak sekulako denboraldia egin du. Liga lehen postuan bukatu zuen, igoera faserako sailkatuz. Asteburuan igoera fasea jokatu zuen, Logroñon, eta partida guztiak irabazi zituen, meritu guztiz Emakumezkoen Ligako 2. mailako titulua irabaziz eta hurrengo denboraldian lehen mailara igotzea lortuz. Meritua handiagoa da kontuan izanda Gernikak aurrekonturik baxuenetakoa duela eta taldean harrobiko jokalariak aritzen direla.
Diezek zeresan handia du taldeak egindako lan ikusgarrian, taldeko oinarrietako bat baita. Altsasuarra jokalari aparta da, hegaleko pibota. “Ametsaren bila gentozen eta lortu dugu. Hemen egoteko egindako lan eta esfortzu guztiaz gogoratzen zara eta sentsazioa berezia da, handia” nabarmendu zuen igandean Logroñon, igoera faseko azken partidan, Naiara Diezek.
www.gernikasaski.com
Gernika taldearen informazio guztia.
Gertutik
Zorionak Naiara. Zer moduz?
Oso ongi. Pozik. Oraindik lortutakoa ezin sinetsi. Denboraldi oso ona egin dugu. Igoera fasera sailkatzea albiste izugarria izan zen, eta igoera fasea irabaztea eta mailaz igotzea… amets bat lortzea. Nahiz eta denboraldi bikaina egin ez da erraza izan. Partidaz partida joan gara, lan izugarria egin dugu, entrenamendu gogorrak, gorputza zaindu, bideo pilo bat ikusi… baina lortu dugu. Gainontzeko taldekoek ere esan digute lehen mailara igotzea merezi dugula, demostratu dugulako.
Oraindik hodeietan zaudela dirudi.
Bai (kar kar)! Izan ere igandean lortu genuen igotzea eta oraindik disfrutatzen gaude. Astelehenean harrera egin ziguten Gernikako udaletxean, plaza jendez beteta zegoela. Harrigarria izan da gernikar guztien babesa. Herri txikia da Gernika, baina partidetan kiroldegia beteta egon da eta Logroñoko igoera fasean pabilioia gernikarrez beteta zegoen. Kaletik zoaz, jendeak zoriontzen zaitu eta babes izugarri hori sumatzen duzu. Ondo sentitzen zara. Izan ere, taldekide gehienak gernikarrak dira, harrobitik sortutako taldea da, eta asko nabaritzen da.
Hurrengo denboraldian, hortaz, lehenengo mailara.
Juntakoak orain finantziazioa lortzeko lanean dabiltza eta ez dago zalantzarik dena emango dutela. Ea posiblea den Gernika lehen mailan aritzea. Badirudi gauzak bide onetik doazela baina guztia ongi itxita egon arte itxarotea, ez dago besterik.
Hurrengo denboraldian Gernikan jarraituko duzu?
Nire lehen aukera hemen segitzea da, izugarri ongi tratatu nautelako eta oso gustura nagoelako. Gernikara etortzeko erabakia guztiz ona izan zen. Taldean oso ongi moldatzen gara guztiak, gehienetan euskaraz hitz egiten dugu, eta harreman ona dugu. Ez dut hitzik Gernikak eman didan guztia eskertzeko. Hemen segitzea nahiko nuke baina gero ikusiko da zer datorren.