Ernai eta Aitzina gazte mugimenduek apirilaren 17tik 19ra bitartean Burutakzioa izena eman zioten topaketa antolatu zuten Altsasun. 1.200 gazte bildu ziren teoriatik praktikara jauzi egiteko prestakuntza saioetan parte hartzeko. Nahiz eta aurreikusitako hiru eguneko egitaraua bitara murriztu. Izan ere, Nafarroako Gobernuak, azken orduan, antolatzaileei jakinarazi zien, batetik, eskola publikoa erabiltzeko debekua zegoela eta, bestetik, hiru egun baino gehiagoko kanpaldirik ezin zela egin. Horren aurrean antolatzaileek osteguneko egitaraua bertan behera uztea erabaki zuten.
Hala ere, gazte mugimenduetako kideek adierazi dute aurreikuspenak bete zirela eta emaitzarekin pozik zeudela. Eguraldi ona lagun kalean egin zituzten prestatu zituzten dinamika guztiak eta herritarrek haiek ikusteko aukera izan zuten.