Saria Suarezendako

Guaixe 2014ko apirilaren 29a

Peru Abarka album lehiaketa irabazi du altsasuarrak

Castillo Suarezek Zerua berun narrazioarekin irabazi du Peru Abarka lehiaketa. Ibaizabal argitaletxearen eta Markina-Xemeingo Udalaren lankidetzatik sortu da Peru Abarka album lehiaketa. Bere helburua helduen literaturako album ilustratuak sustatzea da, “letrak eta artea uztartuz”.

Lehiaketako epaimahaiak adierazi duenez, “barne-bidaia baten flash itsugarriek osatzen dute narrazioa, prosaren eta poesiaren artean zangalatraba idatzitako lana”. Epaimahaikideek gaineratu dutenez, “lerrokada sendo eta irudi beteen bitartez, egileak bere baitako zauriak arakatzen ditu –oroimena, haurtzaroa, amodioa, inkomunikazioa, erbestea…– gristasun itogarritik askatu nahian”. Eta bukatu dute esanez: “paralelismo eta enumerazioen ugaritasunak ozenagotu egiten dute ahapeka baizik menturatzen ez den ahots sakona”.

Ilustratzaile bila
Lehiaketak bi atal ditu. Lehena idazleei zuzendutakoa da, Suarezek irabazi duena. Bigarrena, berriz, idazlearen testua ilustratzeko lanik onena sarituko du. Narrazioa lehiaketako blogean eskuratu daiteke. Eta biak batera album batean argitaratu eta lastailaren 24an aurkeztuko dute, Liburutegien egunean.

Altsasuarraren narrazioa ilustratu nahi dutenek euren lanak garagarrilaren 27ra arte aurkeztu ditzakete Markina-Xemeingo udaletxean. Albumaren azalaren zirriborroarekin batera, guztiz bukatutako ilustrazio bikoitza aurkeztu beharko dute, koloretan (A-3 tamaina, liburuaren 2 orrialderi dagokiona). Gainera, gutxienez lau ilustrazio izanen dituen story board proposamenaren zirriborroa ere gaineratu beharko dute. Lanak formatu digitalean (jpg) aurkeztu beharko dira, 72 pixel inguruko erresoluzioan eta CD batean. Plika sistema erabili beharko da.