Kontratazioen hizkuntza profilak eztabaidagai Altsasuko udalean

Guaixe 2014ko maiatzaren 1a

Udalaren plantilla organikoa onartu du Altsasuko Udalak. Hizkuntza irizpideak izan ziren eztabaidagai

Asteazkenean egin zen bilkuran aurrekontuaz aparte udalaren plantila organikoa onartu zen. Baina hizkuntza irizpideak izan zen eztabaidaren gakoa. IUN-NEBtik azaldu zutenez udalak zenbait postutarako eskatu duen hizkuntza profila, euskara ezagutza, “altsasuarren %75endako gutxi gorabehera baztertzailea eta diskriminatzailea da. Gure ustez euskara ezagutzak ez du lanerako eskubidearen gainetik egon behar”. Jendaurrean lan egin behar ez duten langileak (kisusgil, zerbitzu anitzetako peoiak, kale eta eraikin garbiketa) hartzeko merituak edo puntuak kontuan hartzea eskatu zuen.

Bilduko Juan Carlos Orellanak eskubideak pertsonalak direla nabarmendu zuela, bai lanerakoa bai euskaraz bizitzekoa. “Eskubide batek ez du besteak baino gehiago balio. Bestela, nola bermatuko dugu euskaraz bizitzeko eskubidea?” Bi eskubideak kontrajartzen dituztenek euskararekiko ardura gutxi dutela nabarmendu zuen Orellanak. Euskara eskakizunarena guztiz politizatutako gaia dela nabarmendu zuen Bildukoak. “Zergatik ez dira beste prestakuntza batzuk zalantzan jartzen, esaterako, eskola graduatua eskatzea edo goi gradua eskatzea obra buru izateko?” IUN-NEBen datuak zalantzan jarri zituen.

GeroaBaitik “hizkuntza irizpideen inguruan sortutako polemikak arduratzen dituela azaldu zuen Unai Hualdek. Eta proposatu zuen hurrengo hilabeteetan talde guztien artean honen inguruan eztabaida berri bat egitea. 2012ko udan onartutako hizkuntza irizpideak udalaren babes zabal bat izan zutela nabarmendu zuen. “Hala eta guztiz ere, berriz ere honekin euskararentzako oso kaltegarriak diren diskurtsoak egiten ari dira” . Postu guztietarako euskara ezagutza eskatzeak herritar zati baten artean hizkuntzarekiko dinamika kaltegarria sortzen ari dela ikusita erabaki horren inguruko eztabaida zabaltzeko eta zenbait postutan malguago jokatzeko prest azaldu zen koalizioa.

Aralarreko Asun Fednandez de Garaialdendako “arriskutsua da euskara eta lana moduko gain sentsibleak kontrajartzea”.  Zinegotziaren iritziz “argi gelditu behar du lanpostu guztietarako ez dela maila bera eskatzen. Postu batzuetan eskatzen dena gutxienekoa da. Guztietan ez da EGA eskatzen”. Talde batzuen erreakzioagatik euskara gaietan oinarrizkoena ere zalantzan jartzea kezkaz hartu zuen. Hizkuntza eskubideak bermatzearen alde egin zuen.