Dagoeneko salgai daude antzerki amateurreko ziklorako bonuak

Guaixe 2014ko apirilaren 30a

Zikloa hiru emanaldik osatuko dute eta hiruak 12 euroren truke ikus daitezke. Bestela emanaldiko 5 euro

Laugarren urtez Tarima Beltza antzerki taldeak Teatreves izeneko antzerki amateur zikloa antolatu du. Juan Manuel Herrerok aurkezpenean adierazi zuenez, taldearen asmoa antzerki amateurraren aldeko apustuari eustea da. Aurreko hiru urteetako balantzea oso positiboa dela esan zuen Herrerok, “ez bakarrik asistentzia handituz joan delako. Etorri diren taldeak pozik joan direlako, bai babesten duen publikoarekin bai lokalarekin ere”. Pixkanaka antzerki publikoa sortu dela azpimarratu zuten Tarima Beltzetik eta horretan antzerki tailerraren eta euren sorrerak zerikusia izan duela nabarmendu zuten.

Mertxe Herrera De la Martak gaineratu zuenez, beste taldeei eszenatoki berri bat eskaintzearekin batera, antzerki publiko berria sortzea dute helburu. Horregatik, aurreko bi urteetan Aralarko Mikel Donea institutuko antzerki taldeko kideak gonbidatu dituzte. Edota beste erakundeetakoak ere. Eta batzuk estreinakoz antzerkira joatea lortu dute. Aurten Josefina Arregi klinikako lagunen elkartea, Afinna eta Sakanako Ezgaituen Elkarteko kideak gonbidatu dituzte antzezlanez gozatzera, elkarte bakoitzari 15na sarrera emanez.

Laguntzez
Zikloaren antolakuntzan Tarima Beltzak udalaren laguntza izan du. Hasier Gonzalez Larrañaga zinegotziak herrian halako zikloa antolatzen duen talde bat izatea pozgarria dela aipatu zuen aurkezpenean. Altsasuko antzerki taldea Nafarroako antzerki talde amateurren federazioan dago eta haren laguntzarekin antolatu dute zikloa. Horretarako Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza izan dute.

Zozketak
Emanaldi bakoitzaren ondoren bi zozketa eginen dira. Batetik, Altsasuko Dendari Elkarteak emandako 50 euroko gastu txartela, elkarteko edozein dendatan gastatu ahalko dena. Eta, bestetik, Xurrut elkarteko tabernek (Arkangoa, Gautxori, Koxka, Lurrazpi, Urtzi eta Xume) emandako ardo botilak.

Egitaraua
En lo más crudo del crudo invierno
Maiatzaren 10ean, larunbatean, 20:00etan. Incierto Troupe & Kromlech Teatro.
Fuera de quicio
Maiatzaren 17an, larunbatean, 20:00etan. Complexus Teatro.
Divinas palabras
Maiatzaren 24an, larunbatean, 20:00etan. El Bardo.