Altsasuko Dendari Elkarteko (ADE) Alberto Angianok eta Estibaliz Asensiok aurkeztu dute elkartearen irudi berria. Angianok esan duenez, “logotipoa aldatu dugu elkarteari bultzada emateko eta elkarteko kide diren establezimenduak begi kolpean ezagutarazteko”. Irudi berria elkartearen aro berri baten hasiera izatea nahi luketela azaldu du Asensiok. ADEn ez dauden dendariei ere elkartera sartzeko gonbitea egin diete, elkarrekin indar gehiago eginen dutelako.
Kanpaina
Elkartearen denda guztietan eta herriko hainbat toki nabarmenetan kartel batzuk jarriko ditu. Haietan logotipo berria makina bat aldiz agertzen da, batzuk zuzen eta beste batzuk moldatuta. Zenbat logotipo zuzen dauden asmatzea da proposatzen zaiguna.
Maiatzaren 2tik 14ra ADEko 32 establezimenduetan 5 eurotik gorako erosketak egiten dituztenek txarteltxo bana jasoko du. Hartan idatzi beharko da logo zuzen kopurua zein den, edo zein den kopuru den uste den, “baina pasa gabe”. Parte-hartzaileen artean Mediterraneo barnako kruzeroa eta luxuzko asteburu bat zozketatuko du ADEk. Angianok nabarmendu du kanpaina hori aurrera eramateko ahalegin handia egin dutela. Asensiok, berriz, bi aste horietan herriko komertzioetan erosteko gonbitea luzatu du.
Egoeraz
Zerga eta antolatzen dituzten jardueren bitartez Altsasun gastatzen den dirua herrian bertan gelditzen dela nabarmendu du Angianok. “Dendekin herriak bizirik daude”. Asensiok gogora ekarri duenez ADE antzerki amateur zikloarekin, hainbat kolektiboekin elkarlanean ari da eta festa eta bestelakoetan ere ekarpenak egin dituzte.
Erakundeekin ere elkarlanean ari direla azaldu dute ADEko kideek. Udalarekin harremanetan daude egoitza bat lortu eta han elkartegintzaren, dendarien arloko informazioa zabaltzeko eta merkataritza hobetzeko Altsasun eta Sakanan. Elkarteko kideak Sakanako Plan Estrategikori ekarpenak egin dizkiote eta jarraipen bileretan parte hartzen dute.
Aitortu zutenez ADEko zenbait dendarik hilaren akaberara iristeko arazoak dituzte. Beste batzuk, “aspaldiko partez, jaki lapurreta txikiak jasaten hasi direla jakinarazi dute, “eta sorpresa desatseginak izan dituzte”. Herrian erosteko deia berretsi dute. Altsasuarrak eta sakandarrak ibarretik kanpo erosketak egitera ateratzen diren bakoitzeko autoan soilik 10 euro gastatzen dituzte. Aparkatzeko kontuak aparte. ADEko establezimenduek “jendeak gurean erostera animatu nahi ditugu”.
Logotipo berria
Dozena bat proposamen aurkeztu ziren eta epaimahaiak Elena Verarena aukeratu du. Altsasuarrak azaldu du logotipoak egiterakoan lerro xumeen alde egiten duela, “testuari ikusgarritasuna ematen diotelako eta atenporalak direlako, hau da, denboran irauten dutelako”. Irudian siglen ondoan tamaina eta kolore ezberdineko hiru poltsa jarri ditu Verak, “Altsasun dagoen merkataritza aniztasuna eta ugaritasuna” islatzeko. Sortzaileak duela bi urteko festetako kartel irabazlea egin zuen eta bere lanak www.elenaverablog.com helbidean ikus daitezke.