Pozik, urduri eta sekulako ilusioarekin daude Altsasuko Saskibaloi Taldean, CBASK-en. Izan ere, asteburuan 8. Pirinioetako Torneoko Kopan lehiatu ziren CBASK-eko bi talde: haurren mailako neskak eta kadete mailako mutilak. Torneoa Jakan jokatu zen, maiatzaren 1etik 3ra bitartean, eta lan bikaina egin dute altsasuarrek. Kadete mutilak 14.ak sailkatu ziren eta haur mailako neskek, aldiz, torneoa irabazi zuten.
Nesken haurren mailako CBASK Bodegon Alsasua taldeko entrenatzaile Gonzalo Ruedak adierazi digunez, asteburu honetan jokatuko duten Nafar Kirol Jolasen haurren lehen mailako Final Fourra prestatzeko eman zuten izena Pirinioetako Torneoan. “Oso torneo inportantea da. Kategoria guztiak kontuan hartuta 900-1000 partaide izan ziren, Estatuko talde inportanteenak tartean: Elios Zaragoza, Barcelona, Errioxa eta Valentziako taldeak… Sekulako esperientzia izan da, jokalariek, gurasoek eta guztiek oso ongi pasa dugu, giroa bikaina izan da eta eta oso kontentu itzuli gara” adierazi du Ruedak.
Nerea Misiego, jokalari onena
8. Pirinioetako Torneoko Kopan 14 talde lehiatu ziren gizonezkoen kadete mailan eta David Crespok entrenatzen dituen Altsasuko mutilek lan ona egin zuten. 10.ak sailkatu ziren. Bestalde, emakumezkoen haur mailan 11 talde aritu ziren. Hasieran ligaxka jokatu zuten eta Altsasuko taldea finalerdietara iritsi zen. Bertan, Zizurko Ardoiri 39-31 irabazi zion CBASK-ek. “Hain zuzen ere euren kontra jokatuko dugu larunbatean Nafar Kirol Jolasen Final Fourreko finalerdia” azaldu digu Ruedak. Eta final handian, CBASK-ek 40-38 irabazi zion Zaragozako Eliosi. “Estatu mailan talde handienetako bat da. Bartzelona irabaztetik iritsi zen finalera. Finalean sekulako giroa izan zen. Ardoi, Mendillorri, Gipuzkoako taldeak eta, jakina, Altsasuko guraso guztiek izugarri animatu ziguten. Neskak oso kontentu daude egindakoarekin eta ni ere” nabarmendu du Ruedak. Horretaz gain, CBASK-eko Nerea Misiego torneoko jokalari onena izendatu zuten.
Izan ere, emakumezkoen haurren talde oso polita osatu du Ruedak. “Aurreko urtean hasi ginen lanean, aurre-haur mailan, eta txapeldunordeak izan ziren. Hala ere, ez genuen halako progresiorik espero. Sekulako maila dute. Burlatako Gabonetako Torneoa irabazi genuen, orain Pirinioetakoa eta ea asteburuko Final Fourrean zer egiten dugun” dio entrenatzaileak.
Final Fourra
Nafar Kirol Jolasen haurren lehen mailako ligan Aranguren lehen postuan sailkatu da eta CBASK Bodegon Alsasua bigarrena. Sailkatutako lehen 4 taldeek titulua erabakitzeko Final Fourra jokatuko dute. Larunbatean, 10:45ean Arrosadiako Pabilioian CBASK-ek Ardoi izanen du arerio. Beste finalerdian Aranguren 00 eta Aranguren 01 lehiatuko dira. Talde onenek jokatuko dute maiatzaren 17ko final handia.
“Ilusio eta gogo askorekin gaude. Ligan jokatutako 2 partidetan Ardoi menpean hartu dugu eta Pirinioetako Torneoko finalerdian baita, baina talde oso ona da eta Final Fourreko finalerdian edozeinek irabazi dezake. Ea gauzak ongi egiten ditugun eta finalera sailkatzeko aukera dugun” azaldu du Ruedak. Gainera, final handira sailkatzen diren taldeek ekaina bukaeran Pontevedran jokatuko den Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera izan dezakete.
CBASK Bodegon Sarria emakumeen haur mailako taldekideak: Edurne Ormazabal, Ainhoa Etxaiz, Ainhoa Calleiras, Nerea Misiego, Naroa Facenda, Andrea Claver, Ane Galan, Leire Chamorro, Jaione Saldaña, Eider Zia eta Irune Garisoain. Entrenatzailea: Gonzalo Rueda.