Aurretik ere elkar ezagutzen zuten, baina zerbait handiagoa egin nahi zutelako elkartu ziren Iruñeko Incierto Trouppe eta Uharte Iruñeko Kromelch antzerki taldeak. Ventura Ruiz aktoreak azaldu digunez, meta-antzerkia eta antzerki klasikoa bilatzen ari ziren eta Kenneth Branaghen En lo más crudo del crudo invierno (1995) filmarekin topo egin zuten. Antzerki lan baten muntaiaren kontaketa egiten du filmak eta hori antzerkirako moldatzea erabaki zuten. Branaghenak oniritzia ere jaso dute.
Ruizek azaldu digunez, antzerki taldea Hamlet obra prestatzen ari da. Aktoreen kastinga, haien arteko elkarbizitza, entseguen hasiera eta nondik norakoak eta obra aurrera eramateko egin beharreko guztia ikusiko du ikusleak: “normalean erakusten ez dena, antzezpenaren atzean dagoenaren inguruko ikerketa da”.
Komedia ingelesa
Ingalaterrako landa eremuko herri galdu bateko utzitako eliza batean zuzendari gogotsu batek Hamlet antzeztu nahi du. Horretarako bere gogo berak dituzten aktoreen premia du. Baina kastinga tamalgarria izanen da, entseguak penagarriak, elkarbizitza zaila eta egunak aurrera egin ahala mustutze data gero eta gertuago dute. Antzezpenak barre, xamurtasun, malko eta bestelakoen artean eginen du aurrera.
Fitxa
Aktoreak: Blanki Castillo, Cristina Nagore, Edurne Salaberri, Javier Briansó, Josu Castillo, Joxepe Gil, Txiki Medina eta Ventura Ruiz.
Egokitzapena eta zuzendaritza: Ana Maestrojuan.
Abonua
Teatreves, Altsasuko antzerki amateur zikloa hiru antzerki emanaldik osatzen dute. Bakoitzerako sarrera 5 eurokoa da eta hiruetarako abonua 12 euro balio ditu.
Zozketak
Emanaldi bakoitzaren ondoren bi zozketa eginen dira. Batetik, Altsasuko Dendari Elkarteak emandako 50 euroko gastu txartela, elkarteko edozein dendetan gastatu ahalko dena. Eta, bestetik, Xurrut elkarteko tabernek (Arkangoa, Gautxori, Koxka, Lurrazpi, Urtzi eta Xume) emandako ardo botilak.