Altsasuko kadeteak gora

Guaixe 2014ko maiatzaren 12a

Altsasuko kadeteak 1. mailara igo dira eta jubenilak 2. mailara jaitsi

Sociedad Deportiva Alsasuan pozik egoteko arrazoiak badituzte. Batetik pozik, Nafarroako kadeteen 2. mailan dabilen Altsasu lehen mailara igo delako. Larunbatean Dantzalekun jokatutako azken jardunaldian Arrotxapea izan zuen aurkari Altsasuk. Mailaz igotzeko irabazi beharrean zeuden altsasuarrak eta lortu zuten.

Partida ikusgarria izan zen eta Dantzaleku betetzen zuten zaleen babesa izan zuten altsasuarrek. Partida hasi eta berehala Imanol Lobok Altsasu aurreratu zuen. Hala ere, handik gutxira Arrotxapeak berdindu zuen eta horrela iritsi ziren atsedenaldira. 2. Zatiko 10. minutuan Ander Galartzak 2-1 aurreratu zuen Altsasu, baina Arrotxapeak egoerari buelta eman eta 2 gol sartu zituen tarte gutxian, 2-3 aurreratuz. Baina altsasuarrek ez zuten behera egin eta David Diazek, buruz, hirunako berdinketa lortu zuen. Hortik aurrera emozioa pil-pilean zegoen, bi taldeek euren aukerak izan zituztelako. Partida bukatzear zegoela, deskontuan, Ander Kortxerok Altsasuren 4. gola, garaipenarena lortu zuen, Altsasuko kadeteak datorren denboraldian lehen mailara eramango dituena. Jokalariek eta zaleek, gogoz ospatu zuten garaipena, pankarta eta guzti.

Lehen mailan aritzeaz gain, Coca Cola Kopan parte hartzeko aukera izango dute Altsasuko kadeteek. Bestalde, aipatzekoa da larunbateko partidan Arrotxapeako David Errea jokalariak min hartu zuela jokaldi batean eta tibia eta peronea apurtu zituela. Ebakuntza egunean bertan egin zioten eta osatzen dago futbolari gaztea.

Jubenilak behera
Baina guztia ez da poza Altsasun. Jubenilen lehen mailako lehen multzoan aritzen den Altsasu 14. postuan sailkatu da (28 puntu) eta kategoria galdu du. Hurrengo denboraldian 2. mailan jokatuko du, Lakuntzarekin batera. Aurten 5.ak sailkatu dira lakuntzarrak (45 puntu). Etxarri Aranatz izan da txapelduna eta une hauetan, lehen mailara igotzeko igoera fasean murgilduta dago.
Bukatzeko, gogoratu haurren lehen mailan lehiatu den Altsasu bere multzoko txapelduna izan dela eta Nafarroa mailan txapeldunordea.

Garaipenaren bideoa
Altsasuko kadeteen garaipena laburbiltzen duen bideoa: www.youtube.com/watch?v=IBvSgaM5lxA&feature=youtu.be