Eguraldi ederra lagun larunbatean ospatu zen Sakanako herri eskolen festa. Antolakuntza aritutako Zelandi eksolako Edurne Ruizek esan digunez, “espero baino jende gehiago etorri zen Altsasura eta ezin gara kexatu. Oso giro polita egon zen”. Ruizek etorritako guraso eta irakasle guztien laguntzeko prestutasuna ere nabarmendu digu. “Horri esker nahiko erraza egin zitzaigun antolakuntza”.
Ospakizunaren helburuetako bat Sakanako topagunea izatea zen eta Ruizek esan digunez, “ezagutzen ez genuen jende pila ezagutu genuen. Horrek aurrean zehar tinkoago jarraitzeko gogoak ematen ditu”. Euskarari ere bultzada eman zion festa, D eredu publikoaren aldeko festa izanik. “Eskolak Sakanan euskararendako arnasguneak dira eta hori erakutsi genuen guztia euskaraz izan zelako”. Altsasun larunbatean euskara asko erabili zela nabarmendu zuela Ruizek.
Altsasuko makina bat kultur eragileren laguntzaz goiz eta arratsaldeko egitaraua prestatu zuten Zelandiko amek. Eskola bakoitzak antolatutako tailerretan parte hartu zuen jendeak, artisauen postutan ere aritu ziren, Pirritx eta Porrotx pailazoen Eskuetan doinuarekin koreografia prestatu eta ibarreko eskoletan entseatu ondoren, larunbatean flashmob-a grabatu zuten eta makina bat kontu gehiago izan ziren. Esaterako, 300 pertsonendako bazkaria.
Aurrera begira
Sakana herri eskolekin sortzen, lelo hori gauzatzen segitzeko asmoa dute ikastetxe publikoetatik. Bitartean Sortzenen bidez guztiak koordinatzen segituko dute. Ruizek igandean Uharte Iruñean ospatuko den XIX. Euskal Eskola Publiko Berriaren festan parte hartzeko gonbitea luzatu du. Uharte batean itsas zabalean! leloa du ospakizunak eta festa gunea hiru eremutan banatuta izanen da, 10:30etik aurrara egitarau zabal eta anitza hartzeko prest. Pirataz jantzita joateko gonbitea egin du Sortzenek. Aldi berean jakinarazi du Ollokin bezperatik karabana eta furgonetendako aparkalekua izanen dela.