Altsasuko CBASK Bodegon Alsasua haurren mailako emakumeen taldea Nafar Kirol Jolasetako lehen mailako Final Fourra jokatzeko sailkatu ziren, liga bigarren postua despeditu eta gero. Larunbatean Final Fourreko finalerdia jokatu zuten Gonzalo Ruedak entrenatzen dituen CBASK-eko neskek Zizurko Ardoiren kontra, eta 3 puntu eskasengatik galdu zuten (49-46). Goi mailako partida izan zen, oso estua, eta nahiz eta ligan Zizurkoen kontra jokatutako bi partidetan altsasuarrak gailendu eta Pirinioetako Torneoko finalerdian Altsasuk Ardoi menpean hartu, kasu honetan ezinezkoa izan zen. Final Fourreko final handia jokatzeko ametsa zapuztu da, baina denboraldi bikaina egin eta gero merezitako atsedena hartuko dute neska altsasuarrek.
Egindakoarekin pozik egon daitezke Altsasuko haurren mailako neskak. Gabonetako Burlatako torneoa irabazi zuten, maiatzaren hasieran jokatutako Pirinioetako Torneoko Kopa irabazi zuten, Estatu mailako puntako taldeen gainetik gailenduz, eta Nafar Kirol Jolasetako haurren lehen mailan bigarrenak sailkatu ziren, Arangurenen atzetik. Titulua lortzeko Final Fourra lortzeko asmoa ezin izan da gauzatu, 3 puntu eskasengatik, baina lortutakoarekin kontentu egoteko arrazoiak badituzte.
Saskibaloian aritzera animatu
CBASKek denboraldi honetako balorazio positiboa egin du. Altsasuko klubeko 8 taldeek denboraldi txukuna egin dutela nabarmendu dute. Ildo honetan, aurki zabalduko da, Altsasun, hurrengo denboraldiko kirol eskoletarako izena emateko epea. CBASK-ek saskibaloi eskolan izena ematera animatu ditu neska-mutikoak. “Gustatuko litzaiguke Nafarroako Saskibaloi Federazioko kideek Altsasuko ikastetxeetara bisita egiteko aukera izatea, saskibaloiaren nondik norakoak azaltzeko eta saskibaloia sustatzeko. Ea posiblea den” azaldu ditu CBASK-eko presidente Vicente Claverrek.