Erraldoi txikiak ere badira

Guaixe 2014ko maiatzaren 16a

Bihar eguerdian Sakanako topaketa eginen da Altsasun

Ba dira bi urte Juan Manuel Herrero, Zapa, erraldoi eta buruhandi txikiak egiteko tailerrak ematen hasi zela. Ikastaro horietan sortutako erraldoi eta buruhandiak han-hemenka erabili dituzte bere sortzaileek. Baina denak batzeko asmoa zeukan eta, baina erakusketa gela batean hautsa jaten egon beharrean irudiei dute erabilera ematea egokiena litzatekeela pentsatu zuen Zapak.

Hala, bihar erraldoi eta buruhandi txikien kontzentrazioa izanen da Altsasun. Iortia kultur gunean jarri dute hitzordua. Handik Zumalakarregi plazara abiatuko dira eta kalejira Foru plazan despedituko da. Eskala txikiko erraldoiekin batera Altsasuko erraldoiak eta gaiteroak aterako dira. Segizioaren ondoren Zubiondo elkartean bazkaltzera elkartuko dira. Dagoeneko 25 helduk eta 18 haurrek eman dute izena.

5 ikastaro
Aurreneko urtean Altsasun 5 ikasle eta Olatzagutian 10 izan zituen Zapak. Aurten Uharte Arakilen 6, Altsasun 15 eta Olatzagutian 10. Arbizuarrek Uharte eta Altsasuko ikastarotan parte hartu dute.