Komedia lotsagabea antzerki zikloan

Guaixe 2014ko maiatzaren 16a

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Taldekide guztiak Nafarroako Antzerki Eskolako helduendako ikastaroetan ezagutu zuten elkar. Han zenbait urte egin ondoren euren kezkak azaldu eta antzerkiaren harra asetzeko taldea sortzea erabaki zuten iruindarrek. Lau urteko ibilbidea egin du Complexus Teatrok eta ezin izan dute emanaldi asko eman. Horregatik eskertu dute federazioaren laguntzaz zikloak emandako aukera.

Haien hirugarren muntaia da Altsasura ekarriko dutena: Fuera de quicio. Lo-curas y monjas. Akzioak emakumezkoen psikiatriko batean kokatzen da. Hara ondoko gizonezko psikiatrikoko bi gaixo sartzen dira, maitaleekin topo egiteko. Hilketa bat izanen da eta ezohiko metodoak erabiltzen dituen komisario bat hura argitzen saiatuko da. Errealitate paranoikoa agerpen eta desagerpen misteriotsuekin nahasiko da.

Jon Barbarin zuzendari ihabardarraren zuzendaritzapean Complexusek komedia lotsagabea prestatu du, umorez, musikaz eta gainezka egiten duten egoerez beteak. Galdera ugari eginen dira barre eta barre artean: non dago eromena? Eroaren zentzuan edo zentzudunaren parodian? Mustu berri dute obra, hilaren batean eman baitzuten estreinakoz Iruñean.

Zozketa
Zikloko saio bakoitzean Tarima Beltza talde antolatzaileak Altsasuko Dendari Elkarteak emandako 50 euro erosketa txartel bat eta Xurrut tabernarien elkarteak emandako ardo botilak zozketatuko ditu.