Altsasuko GeroaBai Mank-en egoera ekonomikoarekin kezkatuta

Guaixe 2014ko maiatzaren 21a

Kontuek 80.000 euroko aurrezki negatiboa dutela azaldu dute. “Ekonomikoki egoera larria dela uste dugu eta oreka ekonomikoa berreskuratzeko premiazko neurriak eskatzen ditu”.

Sakanako Mankomunitateko Kontuen Batzorde Berezia bildu zen atzo eta han kontuak eta txostena aurkeztu ziren. Batzordean dagoen Geroa Baiko Unai Hualdek esan duenez, kontuek 80.000 euroko aurrezki neto negatiboa dute. Bilduk babestu zituen kontuak, Geroa Baik ez.

Ibarreko erakundearen finantza egoerarekin kezkatuta azaldu zen Hualde. Esan zuenez, “iritsi garen egoeran, urteko sarrera arruntek ez dituzte gastu korronteak eta zorpetzetik eratorritako finantza karga estaltzen”. Eta gogoratu zuen erakunde bat finantza aldetik orekatuta egoteko diruzaintzan soberakin positiboa eta aurrezkia izan behar dituela.

Geroa Baik ez zituen kontuak babestu “bat ez gatozen erabaki batzuen ondorio zuzena direlako. Atez atekoari lehentasuna ematen dion hondakin bilketa sistema berria finantzatzeko pasa den urtean eskatutako 193.000 euroko bi maileguak, esaterako”. Kontra bozkatu zuela gogorarazi zuen Hualdek. “Erabaki hori eta beste faktore batzuk eragin dute gaur egungo egoera, orain arte gertatu ez zena”.

Udalean eskaera
Mank-i udalek egiten dioten ekarpenen erdia Altsasuk egiten duela gogorarazi du Hualdek. Horregatik, Altsasuko Udaleko Ogasun Batzordean pasa den urteko kontuak analizatzean Mank-i egindako ekarpena aztertzea eskatu du koalizioak, “izan dezakeen eraginagatik”. Gaur goizean egin du eskaera zinegotziak. Aldi berean, Geroa Baitik Mank-eko presidenteari eskatu diote oreka ekonomikoa berreskuratzeko neurriak udalen diru-ekarpen handiagoren bizkar ez egiteko; “une honetan, Altsasun, ezinezkoa da”.