Udalak udarako eta ikasturte berrirako bere eskaintza aurkeztu du

Guaixe 2014ko maiatzaren 22a

Eskaintza udal arduradun eta zinegotziek aurkeztu zuten.
Gazteendako berritasunak izanen dira udan eta kirol-eskolen eskaintza bera izanen da. Izen ematea zabalik, 012 telefonora hots eginez egin beharko da.

Altsasuko etxeetara bere zerbitzu guztien eskaintzaren berri emanez esku-orria banatu du udalak. Hartan, Musika eta Dantza Eskolaren, kirol-eskolen, kiroldegiaren, gazteria zerbitzuaren, ludotekaren eta Emakumeen Bilgunearen eskaintzen berri ematen da. Udalaren gizarte eta kultur arloko zinegotzi Ruben Imazek esan zuenez, “ekintza guztiak herritarrei zuzenduta daude. Herriaren bizitza pizten duten jarduerak dira”.

Atabo udal enpresako buru Asun Fernandez de Garaialdek azaldu zuenez, euren asmoa da gero eta zerbitzu gehiago ematen ahalegintzea. Horregatik, udako eskaintzan berrikuntzak sartu dituzte eta kiroldegian aurki fisioterapia zerbitzua izanen da. “Langilea aukeratuta dago, jarduera martxan jartzeko baimenaren zain gaude” azaldu zuen Fernandez de Garaialde Lazkanok. Zelandin fisioterapeuta lanean hasten denean kiroldegiko bazkideek zerbitzu horren tarifetan beherapena izanen dute.

Eskaintza
Zelandiko kiroldegiko bazkide egin nahi duenak aurretik bazkide den batekin joaten bada matrikula kuota dohainik izanen dute. Beraz, heldu den hilabeteko 1etik 20ra bazkide egiten direnek 75 euroko matrikula aurreztuko dute. Zelandiko kiroldegiko azpiegiturak erabiltzeko aukerarekin batera udako sasoian Dantzalekuko igerilekura dohain sartuko dira.



Kirol jarduerak
Atabo enpresa publikotik eta udal kirol zerbitzutik prestatu dute eskaintza. Igeriketa ikastaro trinkoa garagarrilean eta irailean izanen dira. Garilean, berriz, dantza modernoa, aquagym, aquagym leuna, helduen igeriketa ikastaroak (hobekuntza eta igerileku txikian), aerodance, multi-kirola, hipika, helduendako irristaketa, zumba eta tai-chi ikastaroak izanen dira. Azken lauak berriak dira.


Gazteria
Garagarrilaren 2tik aurrera Intxostiapunta gazte guneak ordutegia aldatuko du eta astegunetan 18:00etatik 20:00etara egonen da zabalik. Kirol zerbitzutik gazteendako prestatutako jarduerez aparte, Gazteria Sailak ere eskaintza prestatu du udarako. Hala, grafitti eta batukada tailerrak izanen dira udan. Gozamenez programaren barruan, berriz, ur festa goxoa eginen da. Gainera, bi berritasun ere izanen dira: abentura (tirolina, eskalada eta erorketa askea) eta eguzki eta izarren behaketa. Blanki Torres teknikariak Atabo enpresa publikoarekin eta Dantzalekuko tabernarekin elkarlanean antolatutako ekintzak zirela azpimarratu zuen.

Teknikariak beste berritasun bat ere nabarmendu zuen, “eskaera bati erantzunez” sortu den Uda Gazte hain zuzen ere. Torresek azaldu zuenez, Udan Euskaraz programaren jarraipena da, 12 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta eta garilaren 14tik 26ra eginen dena. Programatutakoaren barruan akanpada gau bat dago aurreratu zuen.


Ludoteka-Emakumeen Bilgunea
Bi udal zerbitzuek elkarrekin familia eta lanaren kontziliazioa gauzatzeko Udan Bateratuz programa garatuko dute uda honetan ere. Bateragarria, Dibertigarria zerbitzuaren bi eskaintza egin dira: garagarril akaberan haurrendako eta garilean behar bereziak dituzten gazteendako.

Horretaz aparte, Berdintasun teknikari Jaione Iraolak azaldu zuen Udan Euskaraz programaren hiru eskaintza daudela. Lehena garilean eginen da eta beste biak agorrilean, hamabostaldi banatan. Iraolak azaldu zuenez, multi-kirolean izena eman duten haurrek Udan Euskarazen parte hartzeko ordutegiak koordinatu dituzte. Teknikariak gogora ekarri du familiendako hobariak eta salbuespenak eskatzeko aukera badirela gogorarazi zuen.


Kirol eskolak
Ostiraletik garagarrilaren 6ra arte dago izen ematea zabalik. Haur eta gazteak yoseikanbudo, taekwondo, gimnasia erritmikoa, saskibaloi, areto futbola, Futbol 8, zelai futbola, atletismoa, pilota, tenisa, irristaketa eta multi-kirol eskoletan izena emateko aukera izanen dute ikasturte berrian. Despeditzear den ikasturteko eskaintza bera.

Aurreko urteko eskaintzan berritasuna izan zen kirol eskolen matrikula familiaren errentaren arabera ordaindu behar zela. Lau errenta tarte zehaztu ditu udalak eta horren arabera familiak gehiago edo gutxiago ordaindu beharko du. Ion Gurutz Lazkoz kirol teknikariak azaldu zuenez, aurrekoarekin alderatuz despeditzear den ikasturtean matrikulen kopurua mantendu egin da eta udalak diru gehiago jaso du.