Altsasuko Gero Baik Sakanako Mankomunitatearen ekonomi egoeraz azaldutako kezkari horrela erantzun dio Mank-eko buru Aitor Karasatorrek. Presidenteak Altsasuko Unai Hualderi esan dio erakundearen finantza egoera aztertzeko ezin dela soilik adierazle bakar bat hartu, kontuen itxierako guztiak baizik.
Karasatorrek ukatu egin du Diario de Navarrak atzo azalean adierazi zuena, atez atekoaren ezarpenak defizita sortu zuela. Aldi berean, ukatu egin du Hualdek adierazitakoa, hondakin sistema berria ezartzeko eskatutako maileguen ondorioz sortu zela 80.000 euroko aurrezki negatibo erreala. “Hualdek aipatzen dituen maileguen sortutako finantza karga 2012tik 2013ra 18.071,45 eurokoa izan da. Bi mailegu horiek ez dute sortu aurrezki neto negatiboa”.
Mank-etik argitu dutenez, “aurrezkia zorpetze gaitasunaren adierazle bat besterik ez da. Mank-ek etorkizuneko betebeharren aurrean sortu duen soberakinarekin zorpetzeko lukeen gaitasuna baloratzea du helburu adierazleak”. Karasatorrek argitu du Mank-ek legegintzaldi honetan ez duela mailegu berririk hartuko inbertsioak finantzatzeko. “Beraz, Mank-en ekonomia egoeraz datu partzialak eta ez-osoak emanez sakandarrak alertatzea Hualderen jarrera ez eraikitzailea agerian uzten du”. Presidenteak esan duenez, herenegungo bileran jakinarazi zizkioten Geroa Baikoari aurrezki neto positibora bueltatzeko gastu arrunta murrizteko egiten ari diren ahaleginak.
Atez atekoa eta egoera ekonomikoa lotu nahia
Geroa Bairen oharraren atzean asmo hori ikusi du Mank-eko presidentziak, ibarreko erakundea politikoki erasotzeko ahalegina. Presidenteak koalizioaren oharrean faltan bota ditu Nafarroako Gobernuak Euskara eta Kirol Zerbitzuetan egindako murrizketak. “25.000 euro gutxiago izan dira, aurrezki netoaren kalkuluan eragina izan dutenak”. Gobernuak eman ez duen dirua udalek jarri dutela gogorarazi du Karasatorrek. Herenegungo bileran azaldu bezala, presidenteak berretsi du “Mank-en aurrezki neto positiboa sortzeko neurriak hartu behar badira ez dela udalen bizkar izanen, gastu arruntetan aurreztuz baizik”.
Koalizioak atez atekoa aipatu zuenez, Karasatorrek nabarmendu du gaikako bilketa hondakin sistema berriarekin %25etik %82 jasotzera pasa dela ibarreko zortzi herritan. “Horrek min egiten die eta, horregatik, haien finantziaziorako maileguak aipatuz ospea kendu nahi die”. Sistema aldaketak Sakana hondakinen gaikako bilketan Nafarroako buru jarri duela nabarmendu du Karasatorrek, “bereziki gai organikoei dagokienean”.
Mank-etik gogora ekarri dute hondakin bilketa sistema berriak ezarri ondoren hondakin organikoen Tuterara %22,62 gutxiago eraman zen han trata zezaten. Hala ere, sakandarrek Nafarroako Honakin Partzuerdoari tasa bera ordaindu behar diotela gogorarazi dute Mank-etik. “Geroa Baik hori ez du kritikatu nahi izan. Tuterara eraman ez denari dagokion dirua proportzioa balu Mank-ek bere ekonomi egoera osasuntsuagoa litzateke”.