Adar ez ofizial horretan izena ematen duen ikasleak ez du eskolako ikasketa plana jarraitzen. Ikasketa ez arautuak, azken batean, instrumentu bat jotzen ikasteko gogoa duten pertsonei zuzenduta da. Garai batean bazterrean utzitako zaletasuna berriro hartu edo betiko nahia asetzeko aukera dago orain, titulua duen irakasle batekin.
Jokin Borromeo zuzendariak nabarmendu du aukera interesgarria izan daitekeela martxan dauden musika erakundeendako; banda, txaranga, talde edo abesbatzendako, “instrumentu jakin bat edo ahots korda jakinak hobetzeko balio dezake”. Ikasketak direla eta kanpora ikastera joaten direnek musika ikasketak ez baztertzeko aukera ere ikasketa ez ofizialetan izena ematea.
Borromeo zuzendariak esan digunez, izena emateko 16 urte beteak izan behar dira eta instrumentua izan behar da. Horretaz aparte, ikasketa ez ofizialetan interesa dutenek ez dute Hizkuntza Musikalik jakin behar. Klaseak astean behin dira, ordu batekoak. Eta instrumentu bateko aldea osatzeko gutxienez 6 pertsona beharko dira. Ikasketengatik hilero 24 euro ordaindu beharko da. Talde txikiagoak sortzen badira kuota handitu beharko dela zehaztu du Borromeok. Ikastaroa izena eman eta gero uzten duenak ere ikasturte guztian ordaindu beharko luke matrikula. Zuzendariak oharra egin du, plazak mugatuak dira eta izen ematearen ordena errespetatuko da.
Eskaintza
Altsasuko Udal Musika eta Dantza eskolaren eskaintza da: euskal dantzak, musika instrumentua eta taldeak, hizkuntza musikala eta 5 eta 6 urteko haurrendako musika eta mugimendua. Ikasi daitezkeen instrumentuen zerrenda da: txistua, gaita, eskusoinua, trikitixa, klarinetea, biolina, gitarra, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, tronboia, bonbardinoa, tuba, saxofoia, eta zeharkako txirula.