Altsasuko antzerki amateur zikloan aurrenekoz konpainia batek errepikatu eginen du eta hori El Bardo izanen da. Pasa den urtean Lorcaren Bodas de sangreren egokitzapenarekin etorri zen eta zikloaren antolakuntzan dabilen Juan Manuel Herrerok, Zapak, esan digunez, “ezusteko handi haren ondoren talde honekin errepikatu beharra zegoen”. Aurten Ramon Maria del Valle Inclanen Divinas palabras obra taularatuko du Iruñeko taldeak.
Valle Inclanek obra horretan familia baten gorabeherak kontatzen ditu. Nano hidrozefalo bat dute eta hura herrietako ferietara eramaten dute, dirua ateratzeko. Parranda batean mozkortu eta hil eginen dute eta familiari diru-iturri bukatuko zaio eta horrek gatazka sortzen du.
Obraz
Paco Ocaña taldeko zuzendariak antzezlanaz esan du: “obra konplexua da, zaila, ez soilik errealizazioan, baita azaltzeko ere”. Egilearen hitzak ekarri ditu gogora Ocañak: “antzerkian ez zuela sinisten esaten zuen. Bere hizkuntza zinema zela esaten zuen”. Bere obra hau eta beste batzuk irakurtzean testua film bat egiteko prestatuta dagoela azaldu du zuzendariak: “eszenen azalpenetan antzerkian egitea ezinezkoa diren gauzak kontatzen ditu”.
Akzioa pasa den mendeko 20. hamarkadan kokatzen da, Galizian. Ocañak azaldu digunez, “neurri gabeko pertsonaiak ditu, narrasak eta makurrak. Jende oso arraroa. Guztiaren gainetik gaiztakeria ikusten da. Ageri diren sentimendu nagusiak lizunkeria edota zikoizkeria dira. Heriotza jolas baten elementu gisa hartzen da. Baina beti bada puntu bat zeinetan pertsona salbatzen den”.
Antzezlanak orduko gizarteari egindako kritika duela uste du Ocañak, “gaur egunera ekarri daitezkeen gauzak era baditu”. Obrak “edonola bizirautearen” gaia lantzen du, “gauzak ongi edo gaizki dauden begiratu gabe. Aurrera egin behar da eta kitto”.
El Bardo
Hogei aktore agertuko dira bihar Iortiako antzokian. Eta haietako batzuek paper bat baino gehiago jokatuko dute. Hasiera batean hiruren ideia zena zortzira arte zabaldu zen. Bi muntaia poetiko sortu ondoren, Bodas de sangre sortzeko bikoiztu egin zen taldea. Ocañak esan duenez, “gustatzen zait muntaia, guztietan gustatzen zait jokatu dezaketen elementu guztiak nahastea: poesia, musika, interpretazioa eta, aukera balego, dantza. Ahalik eta diziplina gehien obran sartzea”. Irizpide horrekin aukeratzen dituzte obrak.
Zozketa
Teatreves zikloaren emanaldi guztien akaberan Tarima Beltza talde antolatzaileak bi sari zozketatzen ditu: Altsasuko Dendarien Elkartearen 50 euroko erosketa-txartela eta Xurrut tabernen elkarteak (Arkangoa, Gautxori, Koxka, Xume, Urtzi eta Lurrazpi) emandako ardo botilak. Bihar ere hala eginen du.