Altsasuko Musika eta Dantza eskolak ikasturtea despeditzeko dantza jaialdia antolatu du gaurko. Martxoan Euskal Herriko herrialdeetako dantzak eman bazituzten, oraingoan berrikuntzaren txanda da. Iñaki Agirre Larraza irakasleak euskal dantzetako urratsetan oinarrituta koreografia berriak sortu ditu eta horiexekin gozatzeko aukera izanen da gaur. Haur, gazte eta helduak, bost urtetik gorako dantzariak izanen dira Iortiako agertokian dantzan ariko direnak. 80 dantzari inguru guztira.
Altsasuko festen aurretik hasitako ikasturtean lortutako abilezia gaur erakusteaz aparte, herrietako festetan ere erakutsiko dute. Hala eginen dute Etxarri Aranatzen, Altsasun eta Zirodian eta baliteke zerrendara Bakaiku gehitzea. Ikasturtea despeditzear dute, baina heldu den hilean dituzten irteerak direla eta klase batzuk izanen dituzte oraindik.
Matrikula epea
Maiatzaren 30era arte eman daiteke, Udal Musika eta Dantza Eskolan. Astelehenetik ostegunera, 15:00etatik 20:00etara eta ostiraletan 9:00etatik 14:00etara. Argibideak 948 564 581 telefonoan.