Nafarroako Ikastolen Elkarteak 16. urtez JUUL literatura hauteskundeak antolatu ditu. Liburuaren egunaren kontura, apirilean, Euskal Herriko 48 ikastoletako ikasleek euren gogoko idazle eta ilustratzaileak aukeratu zituzten. Maila bakoitzean bozkatuenak izan ziren sortzaileei ostegunean saria eman zieten Zangozan. Haien artean zegoen Castillo Suarez. Gainontzeko saritu guztien modura altsasuarrak Dora Salazarrek ekimenerako propio sortutako Izatearen ezina (Venus) La imposibilidad de ser eskulturaren ale bat jaso zuen.
Suarezek hiru adin tartetan ikasleen boz gehien jaso zituen. 3 eta 6 urte bitartekoek Muxurik nahi? eta Erikaren ttilikak liburuak lehen eta bigarren postuan aukeratu zituzten. 6 eta 8 urte bitartekoek ordena aldatuta baina aipatu bi liburuak aukeratu zituzten ere. Azkenik, 8 eta 10 urte artekoek boto gehien Suarezen Krispeta hegalariak liburuari eman zizkioten.