Duela bi urte Altsasuko Taekwondo eskolan irakasle aldaketa izan zen eta Gerardo Montero Rivera gaztea hasi zen klaseak ematen. Bigarren ikasturtea despeditzera doa eta esan digunez, pozik dago ikasleekin eta haiek berarekin ere bai: “pixkanaka aurrera egiten ari gara eta ea jende gehiago animatzen den”. Nabarmendu duenez, ikasturte honetan aldaketa handia izan da eta ikasleak asko inplikatu dira: “dagokiena baino gehiago eta dena ikasten ari dira batzuk. Hori niretako saria da, haiek oso ongi egiten ari direla uste baitut eta etxera sentipen onekin noa”.
Gaur egun 24 ikasle ditu klubak, 19 urte bitartekoak eta gerriko txuritik gerriko beltzeko 2. dam-era arteko maila dutenak. Astearte eta ostegun arratsaldetan dituzte klaseak. Aurrenekoan txikiak aritzen dira eta bigarrenean helduagoak. Ordu bat bakoitzak. Heldu den ikasturtean 18:00etan edo hasiko da txikien klasea eta ordu bat geroago helduak.
Monterok aitortu digu ikaslez “juxtu antza” daudela: “niri jendez betetako klaseak izatea gustatzen zait, eta oso dinamikoa izatea. 16-30 ikasle arteko taldeekin ez dut lan egiteko inolako arazorik. Klase kolektibo dinamikoa egin dezakezu, ahalegin du daitezela, garapen fisikoa izan dezatela. Ni klasean barna mugitzen naiz eta bakoitzari gauza zehatzak esanez, zuzenketak eginez eta abar”. Orain arteko martxarekin pozik da irakaslea.
Parte hartzeak
Irakasleak argi du taekwondoa lehiatu daitekeen kirol bat dela, “baina ez da beharrezkoa jendeak lehiatzea, argi izan dezatela lehiatzea aukera bat besterik ez dela. Ikasleen, gurasoen eta gure artean lehiatzea ona den edo ez aztertu eta adostasuna lortzen dugu. Guk Altsasukoen moduko klaseak eta lehiaketako asko bereizten ditugu”. Irakasleak azaldu digunez, lehiaketa eta klasea estrapolatzen saiatzen da. “50 ikasleko irakaslea izanik 3 lehiakide badaude eta emaitzak badituzte horrek esan nahi du klasean lan egiten dela. Emaitza erdibana da, klasearena eta lehiatzen duenarena”.
Nafarroako Kirol Jolasetan borrokan lau parte-hartzaile izan dituzte, haietako bi estreinakoz. Emaitzarekin oso pozik dago Montero, laurak finalera iritsi zirelako. Urrezko eta zilarrezko bina domina lortu zituzten. Ane Gil nesken haurren mailan zilarra eskuratu zuen. Pisu eta adin bereko bi mutil haurren mailan finalera iritsi ziren haurren mailan: Joel Agirretxe, urrea, eta Patxi Bergera, zilarra. Gainera, taldeka Nafarroako hirugarren sailkatu ziren. Nesken junior mailan urrezko domina lortu zuen Lidia Martinek. Nesketan taldeka ere hirugarren izan zen Altsasu. Martin ere Espainiako Nazioarteko Irekian parte hartu zuen eta final laurdenetaraino iritsi zen. Bihar 21 urtez azpiko eta promozio lehiaketak jokatuko dituzte Lidiak eta Oihanek. Izandako emaitzekin oso pozik Montero.
Ikasturte berria
Prestatzailea heldu den ikasturtera begira jarri da. Punse edo teknika lehiaketan heldu den urtean bizpahiru aritzea nahi luke. “Borroka prestatzeaz guztiz bestelako lana da punsea prestatzea. Borroka dinamikoagoa da eta haiendako errazagoa da. Teknika lana batez ere buru lana da, behin eta berriz errepikatzea. Teknikan lehiatzen denak burua oso ongi jantzia izan behar du”. Borrokako lehiari dagokionez, gutxienez sei parte-hartzaile izatea nahi luke, eta dagoeneko heldu den urterako prestatzen ari dira.
Irailean egiten dut denboraldi planteamendua. Aurreko urtean hartutako maila kontuan hartuz Montero saiatuko da arlo guztietan hobetu dezatela: teknikoan, taktikoan eta, batez ere, fisikoan. “Denboraldiak prestatzerakoan guztiaren ziklo handi bat egiten dugu. Gero zatitan banatzen dugu, lehiaketen arabera, bakarren batek lehiatzen duen edo azterketaren bat prestatu behar bada. Horiek klase prestaketan eragiten dute”.