Altsasu, bikerren topaleku

Guaixe 2014ko ekainaren 7a

Altsasuko BTT Zeharkaldiaren 19. edizioa izanen da igandean. Adaniara igoko dira lehenengoz

Burunda Txirrindularitza Taldeko Mendi Txirrindularitza Sailak dena prest dauka igandeko 19. Altsasu BTT edo Mendi Txirrindularitza Zeharkaldirako. Antolakuntza 800-1.000 txirrindulari hartzeko prest dago. Aurrez 255 pertsonak bete dute inskripzioa www.clubciclistaburunda.com web orrian, eta eguraldiaren arabera egunean bertan gehiago edo gutxiago izanen dira. Eguraldi dexentea iragarri dutenez, inskripzio ugari espero dira.

Altsasuko BTT zeharkaldia proba ez-lehiakorra da. Euskal Herriko egutegian finkatuta dagoen proba da, Nafarroako probetan zaharrena. Helburua gure eskualdea erakustea da, gure paisaiekin gozatzea eta bizikletarekin disfrutatze.

48 km eta Adaniara lehenengoz
Txirrindulariak goizeko 9:00etan aterako dira Altsasuko plazatik, eta orain arte inoiz pasatutako eremuetara helduko dira, ibilbidearen zati batzuk berritu dituztelako. Hasieran Basoitxitik eta Basomuturretik buelta bat emango dute, Garzia Ximenez kalean atera eta Geltoki auzorantz jotzeko. Gero Ameztia, Zapardi eta Orobeko harrobira joko dute, Sozarretara heltzeko. Torre Txikira igo ondoren, bueltatxo bat emango dute, Ulaiarreko merenderoan prestatu duten hornidura gunean atsedenaldia hartzeko. Ondoren iritsiko da probaren berritasun nagusia, Adaniara igoko baitira lehenengoz. Hori izango da eremurik gogorrena. Xendetatik San Pedrora iritsiko dira, eta La Ponderosaraino joko dute, Urdiaingo igerilekuetan jarritako hornidura likidora heltzeko. Segidan, Urdiain eta Iturmendiko xendetatik barna ibiliko dira, buelta hartu eta Basoitxitik Altsasuko plazara heltzeko. “Gogortasunaren aldetik aurtengoa ediziorik gogorrenetakoa izango da, maila ertain-altukoa. Biker azkarrenek 2 ordu eta laurden beharko dituzte, eta gehienek 3 ordukoa” adierazi digu Burundako BTT saileko Julian Claverrek.

Lana, giro onean
Izena ematen duten lehen 600 txirrindulariek hurrengo opariak jasoko dituzte: kirol kamiseta teknikoa, Laketek emandako txistorra, Katealdek emandako patea eta Kaiku produktua. Kopuru horretatik gorakoek opari sari batzuk jasoko dituzte. Horretaz gain, hainbat sari zozketatuko dira parte-hartzaile guztien artean.

Antolatzaileek Altsasu BTT zeharkaldian parte-hartzera animatu dituzte sakandarrak, “ibilbidea ederra delako, pribilegiatua”. Dena ongi ateratzeko egunean bertan 80 pertsonak egingo dute lan.

Igandean bertan eman daiteke izena
Igandean, 7:45etik 9:00etara, Altsasuko Gure Etxean (Federatuek 21 euro eta federatu gabekoek 25).