Nafarroako Uraren Gazte Foroan parte hartzen ari da Aralarko Mikel Donea institutua zazpigarren urtez. Bi arlo nagusitan lan egiten dute: hondakinak eta birziklapena, batetik, eta ura eta ibaiak bestetik. Baina horiekin batera, kirol heziketa departamentuarekin mugikortasuna lantzen dute, bizikletaren erabilera sustatuz. Denboraren joanean emaitzak nabari direla azaldu digu Eukene Durana irakasleak, “pixkanaka arlo guztietan hobetzen ari gara, ohiturak eta jarrerak pixkanaka aldatzen ari dira”.
Aurreko urteetako martxari segituz, institutuko ikasleek ikastetxe inguruko dozena erdi errekaren uraren kalitatea aztertu zuten, horretarako analisi kimikoa eta biologikoa eginez. Pasa den urtean emaitzarik txarrenak Altzaniak ematen zituen. Ikerketak egitera bizikletan joaten dira. Bestalde, ikastetxean bertan egiten duten uraren eta energiaren kontsumoaren jarraipena egiten dute ikasleek eta hura murrizteko neurriak klasean aztergai izaten dituzte.
Hondakinak egoki bereizteko eta zabor kopurua gutxitzeko sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte. Herri askotan hondakin bilketa sistema berria martxan denez, bosgarren edukiontzia jarri dute ikastetxean. Konpostagailua bazuten eta pasa den urtean baratza sortzeko lehen urratsak egin zituzten. Negutegia izanen dena estaltzea besterik ez zaie falta, baina barazkiak landatuak dituzte. Eurek sortutako konpostarekin ongarrituko dute baratza. Arte ezkurrak ere landatu zituzten pasa den urtean, aurten aldatu dituztenak.
Aitortza
Fisika-kimika, biologia-geografia, teknologia eta marrazketa-plastika mintegietako irakasleez aparte historia edo ingelesa irakasten duten irakasle batzuk eta ikasle gehienak parte hartzen dute egitasmoan. Garrantzizko arlo asko lantzen dituztenez Hezkuntza Departamentuak institutuarena Berrikuntza Proiektu gisa izendatu zuen duela bi urte.