Bihar eta etzi kaputxinoen komentuak 4. Ezgaituen aldeko Elkartasunezko Txakur-Festa hartuko du. Asteburukoa familiek egun pasa eder bat egiteko aukera izanen dute. Txikiendako gunea izanen da, baina hitzaldiak, hainbat trebetasunen inguruko erakustaldiak, lehiaketak, hitzaldiak, herri bazkariak, barra, ogitartekoak eta beste ere izanen dira. Animaliekin lagundutako terapiak egiten trebatua dagoen Bocalan Biak Bat fundazioak antolatu du asteburuko festa, Scooby dendaren eta beste hainbaten laguntzaz.
Haurrak laguntzeko
Bocalan Biak Bat fundazioko kide Josu Mendezek esan digunez, asteburukoak haien lana erakusteko balioko du, baina batez ere haien jardunak aurrera egiteko babesa emateko. Mendezek azaldu digunez asteburuan lortuko den dirua bi proiekturi jarraipena emateko erabiliko dute. “Txakurrez baliatuta Etxarriko, Iturmendiko eta Olatzagutiko haur banari laguntza goiztiarra ematen hasi gara. Lau saio izan dira eta gauza interesgarriak ikusi ditugu” esan digu altsasuarrak.
Elkartasun festatik ateratzen den diruaren zati bat haur horiekin lanean jarraitzera bideratuko du fundazioak. “Ikasturte berrian saioak egin edo udan aisialdi inklusiboa eskaini. Ateratzen denaren arabera erabakiko dugu” argitu digu Mendezek. Izan ere, logopeda, psikologo, txakur gidariak eta beste behar dira terapiak aurrera ateratzeko.
Fundazioko kideak esan digunez, “zerbitzua garestia da eta familien egoera zaila da. Guk halako ekitaldien bidez dirua ateratzen dugu terapia horiekin aurrera jarraitzeko eta familiek kuota sinboliko bat besterik ordaindu ez dezaten”. Eta gaineratu du halako haurrendako Sakanan ez dagoela ezer ez; “Iruñean aukera gehiago dituzte”.
Baita helduak ere
Josefina Arregi klinikako eguneko zentroan lanean hiru urte egin ditu dagoeneko fundazioak. Emaitzak onak izanda ere, finantzazio kontuengatik nahi baino gutxiago aritzen dira han lanean ere. Horregatik, asteburuan aterako den diruaren beste zati bat ibarreko adinduekin terapiak egiteko ere bideratuko dituzte. Astean behin joaten dira Bocalan Biak Bat fundaziokoak klinikara. Lau txakur eramaten dituzte eta lau taldetan lanean aritzen dira adinduekin. Bestalde, fundazioak antolatzen dituen ikastaroetako praktikak ere klinikan egiten dira.
Hiru urteko ibilbidea
Hori da Bocalan Biak Bat-ek gin duena. Krisi bete-betean animaliek lagundutako terapiak egiten aurrera egiten segitzen dutela eta “ondo” erantzuten du Mendezek orain artekoaz balorazioa eskatzerakoan. “Familiendako ahalik eta kostu txikienean laguntzen saiatzen gara. Profesionalendako eta ez direnendako ere prestakuntza saioak antolatzen ditugu”. Duela bi hilabete fundazioak Iruñea-Arbizuko familia bati haiek hazitako laguntza txakur bat eman zioten. Beste lauzpabost Madrilerantz joan dira. Lan faltarik ez dute eta haien berri emateko Hego Euskal Herrian barna eta inguruetan aritzen dira.
Egitaraua
Garagarrilak 7, larunbata
11:00etan Erreskate operatiboak. Hizlariak: EBYS Navarra elkarteko teknikariak.
11:00etatik 14:00etara Haurrendako jolas gunea (puzgarriak, marrazkiak, jolasak).
11:00etatik 14:00etara Zaldi gainean pasioak.
12:00etan Erreskate txakurren erakustaldia. EBYS Navarra eta Bocalan Biak Bat Detección.
14:00etan Herri bazkaria.
16:00etan Txakurren herri-lehiaketa (handienari, jatorrenari, originalenari, berezienari… sariak)
16:00etan Animaliak lagundutako terapiez hitzaldia. Esperientzia erreal bat.
17:00etatik 20:00etara Haurrendako jolas gunea (marrazki lehiaketa).
17:00etan Pirinioko mastinen morfologia lehiaketa.
18:00etan Falkoneria erakustaldia.
19:00etan Txakur trebetasunen herri txapelketa.
Garagarrilak 8, domeka
9:00etatik 11:00etara Nafarroako Txakur Elkartearen lehiaketarako izen ematea.
11:00etan Txakur lehiaketa. Nafarroako txapelketarako beharrezko puntu.
11:00etatik 14:00etara Haurrendako jolas gunea (marrazki lehiaketa).
11:00etan Falkoneria erakustaldia. Zaldi gaineko paseoak.
11:00etan Nafar presa-txakurren proba morfologikoa eta defentsa zibileko erakustaldia.
14:00etan Herri bazkaria.
16:00etan Txakur erakurketako eta txakur edertasun lehiaketen sari banaketa. Oparien zozketa.
17:00etatik 19:00etara Mushingari buruzko hitzaldia. Green Heart taldea.
17:00etatik 20:00etara Haurrendako jolas gunea.
18:00etan Txokolate jatea.
18:00etan Frantziar ring erakustaldia. Nudacaneko David Pinillos.
19:00etan DiscDog erakustaldia. Txakurtzen.
Egunean zehar artisau azoka.