585 biker Altsasun

Guaixe 2014ko ekainaren 10a

Bikerrak gustura ibili ziren. Argazkia: Ana Vilches.
Burunda klubak antolatutako 19. Altsasuko BTT zeharkaldian Dorretxiki eta Arania igo zituzten lehenengoz

Eguraldia lagun, 585 biker animatu ziren Burunda Txirrindularitza Klubak antolatutako 19. Altsasuko BTT zeharkaldia osatzera. Aurten proba ez lehiakorrak 49 km zituen eta edizio guztien artean gogorrenetakoa izan zen. Proban lehendabiziko aldiz Dorretxiki eta Arania igo ziren, eta horrek desnibela igo zuen, 904 metroko desnibel positiboa izan baitzuen probak. “Ingurune pribilegiatu batean gaude eta horrek urtero ibilbidean aldaketak egitea ahalbideratzen gaitu. Ibilbidea oso polita izan da eta paisajearen ikuspegiak izugarriak” adierazi zuten Burunda klubeko arduradunek.

Igandeko eguraldi bikaina kontuan hartuta, antolakuntza 800-1000 txirrindulari hartzeko prestatuta zegoen. Azken urte hauetako batez bestekoa 800 pertsonakoa da, baina igandean Gure Esku Dago katearen eragina nabaritu zen eta 585 bikerrek hartu zuten irteera. Guztiak oso gustura azaldu ziren ibilbidearekin eta baita antolakuntzarekin ere. Altsasutik aterata eta herrian hainbat txokotan ibili ondoren, Ameztiarantz jo zuen tropelak, Zapardi, Orobeko harrobi zaharra eta Sorozarretara iristeko. Handik Dorretxiki eta eta Arania igo zituzten, San Pedrora heldu eta Urdiaingo igerilekuetatik pasa ondoren Iturmendiko dermioraino heltzeko. Handik buelta hartu, San Pedrorantz jo eta Otaitik sartu ziren Altsasuko helmugara. Tartean hornidura guneak eta beste ez ziren faltatu izan.

Txirrindulari bat ospitalera eraman behar izan zuten lepauztaia apurtuta, eta horretaz gain DYAk zazpi pertsona artatu zituen zauri arinengatik. Guztia ongi antolatzeko 100 pertsona inguru aritu ziren lanean.