Birziklatze tasa handitzeko proposamena aurkeztu dute udaleko lau taldek

Guaixe 2014ko ekainaren 10a

Giltza edo txipdun 5. edukiontzia ezartzea eta borondatezko konpostatzea sustatzea proposatzen dute NaBai 2011k, PSNk, IUN-NEBk eta UPNk.

Lau taldeek hilaren 2an udaletxeko erregistroan aurkeztu zuten proposamena. Altsasun hondakinen birziklatze tasa handitzea lortzeko neurri sorta proposatu dituzte. Europar Batasunak ezarria du 2020. urterako hondakinen %50 birziklatu behar dela. Altsasun gaur egun %24 birziklatzen da eta udalean gehiengoa duten lau taldeek euren proposamenarekin 2016ko akaberara %65 birziklatzera iritsi nahi dute.

Lau taldeetako ordezkariek gogora ekarri zuten 2012ko lastailean udalak hartutako mozioa zeinetan Mank-i eskatu zitzaion: Altsasun atez atekoa ez ezartzeko, hondakin bilketa sistemen inguruko informazio aldia zabaltzeko eta ondoren galdeketa egiteko. Azaldu dutenez, ordutik makina bat aldiz gaztigatu dute udalak akordio horren inguruan, hondakinen kudeaketaren inguruan akordioren bat lortzeko.

Abenduan alkatetzako taldearen, NaBai2011 eta IUN-NEBen arteko bilera izan zen. “Akordioa lortzeko jarrera ikusi genuen. Bilera gehiago eta gaian sakontzeko nahia azaldu genuen, baina alkatetzan luzamendutan aritu ziren”.

Proposamena
Lau alderdiek eskatzen duten lehena da urte erdiko iraupena duen informazio kanpaina bat martxan jartzea Mank-ek kontratatutako langileekin. Tarte horretan haien egitekoa litzateke: borondatezko auto- eta auzo-konposta sustatzea; denda, taberna eta altsasuarren artean hondakinak murriztu eta berrerabiltzeko kanpainak sustatzea; egun dauden edukiontzietara eta materia organikoa jasotzeko marroira zer bota behar den jendeari jakinaraztea; hitzaldiak, esku-orriak, edukiontzitan jarritako kartelak eta bestelako prestakuntza eta informazioa ematea; edukiontzien ondoan egotea herritarrei egoki nola birziklatzen den erakusteko eta, azkenik, konpostagailuen arduradunei laguntza egokia ematea.

Materia organikoa konpostatzen ez dutenendako giltza edo txipa duen edukiontzi marroia jartzea eskatu dute udal lau taldeek (berdea errefusarako geldituko litzateke). Auzo-konpostean aritzeko herritarrek izena ematea proposatu dute eta haien artean arduradun bat izendatuko litzateke. Mank-ek haiei beharrezko laguntza emanen liekeela ziurtatu beharko luke. Bestalde, udalaren eskumena litzateke auzo-konpostagailua jartzeko baldintzak kokapena zehaztuko lituzke.

Proposamenean Mank eta udalaren arteko bilketa ordutegia zehaztea jasotzen da, “herritarrei alferrikako molestiak eta usainik ez eragiteko”. Akordioa indarrean den bitartean Mank-ek hiru hilero birziklatze tasaren berri ematea ere jaso da proposamenean. Bi urte eta erdi pasata %65eko birziklatze tasara iristen ez bada egoki jotzen diren neurriak hartzea proposatzen dute lau taldeek.