Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorre Muguruzak elkarrizketarako deia eginez erantzun dio Altsasuko hondakinen kudeaketaz NaBaik, PSNk, IUNk eta UPNk aurkeztutako proposamenari. “Nafarroan hondakinen kudeaketan Sakana erreferente bat da eta altsasuarren inplikazio positiboak erreferentzialtasuna handitzeko balioko du. Horretarako, alde guztien konpromisoa behar da: Mank-ena, udalarena eta herritarrena”.
Mank-eko lehendakaritzan “harriduraz” hartu zuten prentsaurrekoa “NaBai eta IU Altsasuko alkatetzako taldearekin gaikako bilketa ereduaren ezarpen progresiboaz hizketan ari zirelako eta zeharka horren berri genuen eta Mank-etik ekarpen teknikoak egin ditugu” Udalek Mank-i hondakinen bilketa eskumena pasa diotela ere gogorarazi du.
Proposamenaz
Karasatorrek nabarmendu du hondakin bilketa sistema orain dela bi urte aldatzen hasi zirenetik ez direla udal baten gehiengoak adierazitakoaren kontra joan. “Horregatik, Irurtzunen eta Altsasun atez atekoaren ezarpena geldiarazi zen eta bilketa tasak hobetzeko udalekin akordioetara iristen ahalegindu gara”.
Mank-etik azaldu dutenez, “udalak gai honen inguruan egoki jotzen dituen akordioak onartu ondoren, bi erakundeen arteko ordezkaritzen arteko elkarrizketa etorriko beharko litzateke. Aukeratutako sistema aurrera eramateko bideak zehaztu beharko dira elkarrizketa horietan”. Horien artean leudeke: arazo teknikoak, ekonomia, ezarpen egutegia, konpostagailuen kokapena, edukiontzi berriak nolakoak behar duten, zati organikoarekin zer egin eta beste.
Mank-eko presidentearen ustez aurkeztu duten proposamenaren birziklatze tasaren helburua ez da anbizio handikoa. Gabezia bat ere sumatu diote: “2016ko akaberan ezarritako helburua ez bada lortzen zer? Altsasuko alkatetzako taldearekin izandako elkarrizketetan NaBaik eta IUk esan dutenez helburua beteko ez balitz atez ateko sistemaren ezarpena babestuko lukete”. Aurkeztutako proposamenean halakorik ez dagoenez, asmo horri eusten dioten galdetu dute Mank-etik. “Ezartzen den sistemak %65eko birziklatze tasa lortzen ez badu gehiago birziklatzen dela erakutsi duen sistema bat ezarri beharko litzatekeela uste dugu”.
Presidenteak bere erantzunean berretsi du hondakinen gaikako bilketa maila handiak bermatzen dituen sistema atez atekoa dela. Ezarri den ibarreko herriak Altsasu baino txikiagoak badira ere, presidenteak gogora ekarri du Gipuzkoan eta Katalunian Altsasuren antzeko hirigintza eta populazio bereko edo handiagoko herrietan atez ateko sistema martxan dela eta hilabete gutxitan %80ko birziklatze tasa lortu dutela, “herritarren ahaleginari eta sistemaren berezitasunei esker”.