Udarako deskontuak

Guaixe 2014ko ekainaren 11

Zure Denda txartelarekin %10eko deskontua eginen dute 13 dendek agorrilera arte.

Altsasuko Dendarien Elkarteko (ADE) 13 dendek garagarriletik agorrilera arte, edo aurrekontua bukatu bitartean, %10eko deskontua eginen dute edozein erosketa egitean. Deskontua eskuratzeko Zure Denda txartela erabili beharko da. Kanpaina horren aurrekontuaren erdia ADEk jartzen du eta, gainontzekoa, Nafarroako Rural Kutxak.

ADEtik azaldu dutenez, Zure Denda txartela bezeroak fidelizatzeko tresna bihurtu nahi dute. Txartelak egiteko aukera eskaintzen dute (dendetan edo Rural Kutxan) eta zenbat eta gehiago egin denda eskaintza zabalagoa izanen dela nabarmendu dute. Aldi berean, txartel horren bidez kanpaina berriak eginen dituztela aurreratu dute. Kanpainan parte hartzen duten dendak dira: Arkatz, Optika Sakana, Sare, Iker Kirolak, ML, La Cigüeña, Izara, Larka, Relojeria Norte, Lezea, Ekin, Txikitxo eta Xagu.

Ezaugarriak
Zure denda txartela doako Visa kreditu txartela da. Dendetan hiru hileko epean ordaintzeko aukera ematen du, interesik gabe. Bezeroak, gainera, ADEk antolatutako bale, zozketa, sari, zuzeneko deskontu eta bestelakoetan parte hartuko du. Txartela norberaren kontu korrontearekin lotzen da eta ez du zergatik Rural Kutxakoa izan beharrik. Mundu guztian erosketak egiteko baliagarria da eta doako aseguruak ditu.
 
Sarituak
Maiatza hasieran Elena Verak elkartearendako egindako irudi berria aurkeztearekin batera, kanpaina martxan jarri zuen ADEk: kartel batean zenbat logotipo zuzen zeuden asmatu behar zen. 590 logotipo zuzen zeuden. Gehien hurbildu zena eta Mediterraneoan barnako itsas-bidaia eskuratu zuena Mercedes Debén izan zen. Bestalde, Maite Goikoetxeak Donostiarako asteburuko ihesaldia irabazi zuen.