Bi urte bete dira Trasteando taldeak Altsasuko herri kantak I. diskoa argitaratu zuela. Altsasuko musika ondarea berreskuratzeko ikerketa eta musika-etnografia lan baten emaitza izan zen disko hura. Orduan azaldu zuten kantu altsasuar gehiago opatu zituztela eta bigarren disko bat sor zezaketela. Hemen da diskoa Altsasuko herri kantak II. eta Trasteandok bihar jendaurrean aurkeztuko du, Javier Bergara Bergerak gidatutako emanaldian.
Altsasuri eta altsasuarrei eskainitako lana da bihar Trasteandok aurkeztuko duena, Trasteandoko musikariendako “talde-memoriaren kantak; denboran iraun dutenak eta garenaz asko dioen musika-tradizioaren ondarea” dira bihar aurkeztuko dituzten kantak. Dora Salazarren azala du diskoak eta bere barruan dagoen liburuxka kantutegi moduan eta azalpena ematen duen oharrekin prestatu dute atzera ere.
Diskoan XX. mendeko 40ko, 50eko eta 60ko hamarkadetako 18 kantu jaso ditu taldeak. “Gure guraso eta aiton-amonak dibertsio garaian, bazkaldu ondoren eta festa-parrandatan, kantatzen zituztenak. Baina urte zailetan ere penak eztitu, tristurak arindu egoera penagarri eta behar handiagoetatik ihes egiteko baliagarriak ere izan ziren kantuak”. Musika ondare hori egungo eta etorkizuneko belaunaldiei utzi nahi die Trasteandok disko berriarekin.
Laguntzaileak
Musika talde altsasuarrak esker ona azaldu nahi izan die zuzenean edo zeharka musika bilduma egiten lagundu dieten guztiei. Besteak beste: Vicente Zufiaurre, Angel Iriarte (Potaje), Jesus Aldasoro, Conchi Zelaia, Agueda Percaz, Jose Bergera, Felipe Villareal, Candi Arnanz, Angel Aldasoro, Juanita Larrea, Fernando Larraza, Gerardo Olmedillo, Juan Gonzalez, Tomas Martinez, Martin Lezea eta Javier Ignacio Elizalde.
Biharko emanaldian Trasteandok musikari gehiagoren laguntza izanen du: Jose Mª Augusto, Iñigo Goikoetxea, Leire Aiestaran, Jesus Irisarri, Kostantxo Gonzalez, Josetxo Lumbreras, Javier Herrero, Javier Martinez eta Asier Eizagirre.