Altsasuko taekwondo eskolako ikasleek ikasturte akaberako erakustaldia eskainiko dute bihar. “Gurasoek euren seme-alaben garapena ikusteko aukera bat da. Klasera etortzen ez baitiet uzten”, azaldu digu Gerardo Montero Rivera irakasleak. Guztira 24 ikasle ariko dira, gerriko txuritik gerriko beltzeko 2. dam-era arteko maila dutenak.
Bestalde, Taekwondoan aurrera egin dutela adierazten duten gerriko aldaketarako azterketak ere egin dituzte Altsasuko ikasleek. Denak, gerriko marroia dutenak izan ezik, horren ondoren gerriko beltza heldu delako. Azterketa ofiziala Iruñean da eta “ongi prestatuak egon behar dute eta badaude ez dakizkiten gauzak. Heldu den urtean gerriko beltza ateratzeko pare bat prestatzea da asmoa”, azaldu digu Monterok.
Prestatzaileak sakandarrak erakustaldira gonbidatu ditu, taekwondoa ezagut dezaten. Animatuz gero ikasturte berrian, interesatuak konpromisorik gabe probatzera etortzeko animatu ditu: “ez dago inolako arazorik aste bat edo bi probatu eta gustatuz gero gelditzeko. Ikasle koadrila majoa izanen du ondoan”.
Adinik ez
Irakasleak azaldu digunez, taekwondoak ez du adinik eta probatzera animatu du. Esan digunez pasa den ikasturtean 54 urteko gizona hasi zen, baina aurten ezin izan du etorri. Eta gaineratu du bere klubean, Ardoin, “duela 10 bat urte ia 50 urteko pertsona talde bat sartu zen eta han segitzen dute. Bizkortasuna eta potentzia mantendu eta hartzeko egokia da. Jendea probatzera animatzen dut”.
Txikiekin taekwondoa psikomotrizitate tresna gisa erabiltzen dutela ere gaineratu du: “lurrean, oin hutsik lan egiteak. Etxean ezin diren gauzak egiten dituzte. Kontaktua jendearekin, lurrera bota eta halakoak egiteak txikiei psikomotrizitatea esnatzen die".
Irakaslea
Altsasuko Taekwondo eskolan Antonio Martinez Munchi lekukoa hartu ziona Gerardo Montero Rivera da, 28 urte ditu eta adin horri dagokion gerriko beltza eta 4. dam-a du. Bosgarrena ateratzeko prestatzen hasia da, baina hiru urte arte ezin izanen du. Zizur Nagusiko Ardoi klubeko kide, ikaslea da, baita borrokako irakaslea ere. Altsasun irakaslea izateaz aparte Mendillorrin eta Zizurren ere aritzen da. “Hainbeste historia izan duen eta beti hain lehiakide onak atera dituen Altsasuko moduko klub bat galtzea pena ematen zigun” eta Iruñerrikoa irakasle lanetan hastea erabaki zuen.