Bi erakusketa kolektiboren mustutzetan parte hartuko du gaur eta bihar Itziar Nazabal margolariak. Hendaiakoa gaur, 18:00etan, mustuko da Miradas erakusketa Mendi Zola kultur gunean. Nazabalek lagun duen argazkilari kubatar batek sustatu du erakusketa kolektiboa. Hiru marrazkilari eta bi argazkilari dira euren lanak erakusten ari direnak. Nazabalek Biluziak eta pasioa serieko margolanak eraman ditu, tamaina txiki eta handietakoak. Asteartetik ikusgai dago, garilaren 12ra arte.
Proventzara
Carpentrasko arte garaikideko nazioarteko jaialdia bihar mustuko da. Les Papillons, tximeletak, izenburua du jaialdiak artea erakusteko duen modu bereziagatik. “Tximeleten modura, edozein tokitan, obrak zintzilik daude hirian barna, kale, parke, lorategi eta bestelakoetan. Museoa herrian barna”, azaldu digu Nazabalek.
Beraz, larunbatetik agorrilaren akabera bitartean 200 artisten lana (1,90 m luze eta 1,50 m zabal) hirian barna zintzilik ikusteko aukera izanen da. Turkia herrialde gonbidatutako artistekin batera Brasilgo, Italiako edo Frantziako artistak izanen dira. Altsasuarra da parte hartzen duen euskal herritar bakarra.
Nazabalek Biluziak eta erotismoa serieko lan bat aurkeztu du Jeux de peau (azal laztanak). Altsasuarrak azaldu digunez, “obra lantzeko prozesuan garapen bat izan dut. Koxka bat igo naiz. Lantzen ditudan leherketekin erabat erlazionatuta dago. Egin beharra sentitzen nuen eta aurrenekoz koadro baten sorreran erabili dut”. Sortze prozesuaren garapenaren teknika hori etorkizunean talde batekin eta fusioa egiteko asmoa azaldu digu Nazabalek. Horregatik, Proventzan ikusgai izanen den lanaren garrantzia artistikoa eta pertsonala azpimarratu ditu.
Jaialdia ere bada lehiaketa. Epaimahai adituak eta sare bidezko botoek (164. zenbakia) emanen dute saria. Antolakuntzatik dagoeneko aitortu diote kalitatea altsasuarraren lanari. Baina bestelako arrazoiengatik etorri da aitortza. Koadroan gehiegizko erotismoa zegoela eta, parte hartzea onartu ondoren, koadroa zintzilikatzeko erreparoak izan zituelako antolakuntzak.