Larunbatean Altsasuko jubilatu elkarteko abesbatzak ikasturte akaberako kontzertua eman zuen elkartearen egoitzan. Kantu ezagunez osatutako errepertorioa eskaini zuten, tartean ziren habanerak, fadoak, zortzikoak eta beste. 11 emakumek eta 6 gizonek osatzen dute Altsasuko jubilatu elkarteko abesbatza. Asteartero eta ostiralero elkartzen dira, 19:00etatik 20:00etara. Lastailean hasi ziren eta orain bukatuko dute ikasturtea.
Lorenzo Gonzalez Urkizu zuzendariaren esanetara aritzen da abesbatza. Gonzalezek esan digunez, udan etenaldia eginen dute, nahiz eta emanaldiren bat hitzartua izan. Zuzendariak jakinarazi digunez, edonon kantatzeko prest dago abesbatza. Musika zaletasuna partekatu nahi duenak elkartetik pasatzea besterik ez duela jakinarazi digu: “ateak irekiak daude, eta kantuan animatzen ez denak instrumenturen batekin aritu nahi badu aukera hori ere badago”.