GeroaBaik irabazi asmorik gabeko erakundeei laguntza sozialak banatzeko araudi proposamena egin du

Guaixe 2014ko uztailaren 8a

Udaleko gainontzeko alderdiekin adostu eta urtero deialdia izatea ziurtatu nahi du.

Altsasuko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Batzordeko buru Unai Hualdek irabazteko asmorik gabeko entitateei laguntza sozialak emateko araudi proposamena aurkeztu die beste alderdiei. Laguntzak emateko araudia izanik udalak urtero haiek banatzeko diru kopurua aurrekontuetan zehaztea eta deialdia egitea nahi du Geroa Baik.

Koalizioak beste udal batzuek dituzten araudiak aztertu eta haietan oinarritu da proposamena ontzeko. Eskaerak aurkezteko prozedura, eskaera egiten dutenek aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzak baloratzeko irizpideak, haiek ordaintzeko moduak edota laguntzak justifikatzeko erak zehazten dira proposamenean.

Zergatia
Hainbat urtetan banatu ditu halako laguntzak Altsasuko Udalak, baina arrazoi ekonomikoengatik bertan behera gelditu ziren. Aurtengo aurrekontuetan 3.800 euroko diru-saila aurreikusi da, GeroaBaik egindako ekarpen bati esker. Baina laguntza horiek kudeatzeko araudirik ez dagoela azaldu du Hualdek: “aurrerantzean gure herrian euren ekimena garatu ahal izateko laguntza ekonomikoa behar duten irabazteko asmorik gabeko entitateek egindako eskaerei erantzun ahal izateko arauak modu argian markatuko dituzten oinarriak osatzea da helburua”.

Egoera ekonomikoagatik kopuru xumeak banatuko badira ere, horiek bermatzea nahi du koalizioak. Aldi berean, araudia udal talde guztien artean onartzea eta adostea nahi du, “guztien ekarpenekin udazkenean araudi berria indarrean izateko eta aurrekontuetan dagoen partida banatzeko deialdia egiteko”.

Garapenerako lankidetza
Altsasuko Udalak aurrekontuetan garapenerako lankidetza proiektuetarako 3.000 euroko laguntza aurreikusia du. Batzorde berean, Geroa Baiko Hualdek laguntza emateko euren proposamenak egin ditzaten eskatu die gainontzeko alderdiei.